Gizarte eragileek emandako datuen arabera, Hego Euskal Herrian 538.000 lagun dira pobre izateko arriskuan daudenak. Egoera horrek erraz darama berekin gizartetik baztertua bizitzeko arriskua. Gure Elkarte Autonomoan, 3.000 pertsonak baino gehiagok ez du etxerik eta 100.000 baino gehiago bizi dira txirotasun larrian. Gai honetan adituak direnen ustez, pobrezia hau “egitura sozioekonomikoaren” ondorioa da. Pobreziak “gaizki bizitzea” esan nahi duela azpimarratu dute: “Hileko fakturak ezin ordaintzea, neguan berogailua ezin piztea… eta, egoera larrienetan, bizitzeko etxe bat ez edukitzea”.
Beste datu kezkagarri bat: Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian adingabeen pobretasun maila igo egin da Covid-19 pandemiaren ostetik: haur eta nerabeen %12,2k txirotasuna edo gizarte bazterketa pairatzen dute. Espainia mailako datuek erakutsi dute 11 eta 17 arteko gazteak direla, eta gehienbat guraso bakarreko familietan bizi direnak.
Arazo larri honi nola erantzun? Gai hau aztertzen dutenen aburuz, “egiturazko arazoa” da hau eta Autonomia Erkideko pobreziari erantzuteko, alde batetik zuzeneko laguntzez mintzatzen dira: dohaintzak eta boluntariotza, esaterako. Elikagai eta medikamentu bankuei emanez edo zuzenean beharrak dituzten bizilagunei lagunduz Baina politika arloan funtsezkoena izango litzateke hezkuntza inklusiboa sustatzea, enplegu duina lortzea, etxebizitza eskuragarria bermatzea eta gizarte eta osasun zerbitzuak indartzea.
“Duintasunez bizitzeko aukerarik ez duena da pobrea”, zehazten du Leon XIV.ak
Txirotasunaren ari honi jarraituz, gure Aita Santu Leon XIV.ak argitaratu berria du gogoeta dokumentu bat: “Dilexi te” (maite izan zaitut) deitzen da. Frantzisko Aita Santuaren “Dilexit nos” (maite izan gaitu) idazkian oinarritzen da. Besteak beste, bertan pobreziaren gaia jorratzen du. Leon XIV.a konbentzituta dago xumeen aldeko lehentasunezko jarrerak aparteko berrikuntza sortzen duela bai Elizan eta baita sozietatean ere, baina, jakina, beroien oihua entzuten dakigun neurrian. “Duintasunez bizitzeko aukerarik ez duena da pobrea”, zehazten du Leon XIV.ak.
Dokumentuaren 4. atalean gai bezala hartzen du Elizak XX. eta XXI. mendeetan pobreziari buruz eman zuen irakaskintza. Aldi berean, pobreziak eta muturreko ezberdintasunek sortzen dituzten “bekatu egiturez” mintzatzen da, hau da, “hiltzailea den ekonomiaren diktaduraz”. Teologo baten esanetan, azkeneko kapitulua da sutsuena eta estilo pastoralagoa du. Behin eta berriz errepikatzen du: kristauak ezin du pentsatu pobreak arazo sozial bat bakarrik denik. Arrazoia sinplea da: “Familiakoak dira, gureak, jainkoaren irudi”. Horregatik, beroiengan Jainkoaren presentzia sumatzen dutenak dira benetako kristauak eta hori izango litzateke, baita ere, pertsona ororen duintasuna aitortzea. Horixe egin zuen, dio, samariar onak: erritoak alde batera utzi eta bide bazterrean erdi hilik zegoen gizajoari lagundu.