Giza duintasunari iraina

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2026ko urtarrilaren 15a

Argazkia: Truth Social

Eguberri garai honetan Belengo Haurraren jaiak ospatu berriak ditugu, Jesus Salbatzailearenak, alegia, eta ezer okerragorik ezin da gertatu boteredun zoro bat munduaren ustezko salbatzaile bihurtzea, bere burua "batzuen salbatzaile" aldarrikatzea. Benetako tirano bat izatea da hori.

Agian are okerragoa da manipulatutako jendetzak (80 milioik eman zioten botoa) pentsatzeko gaitasunari uko egitea, bai beldurragatik, bai gorrotoagatik, bai dena delakoagatik, txandakako superheroi hau goraipatzea.

Hori da, gutxi gorabehera, Alberto Roselli diakonoa (meza ematea ez beste apaiz eginkizun guztiak burutu ditzake) eta kazetari argentinarrak Venezuelako azken gertaerei buruz egiten duen azalpen luze batean esaten duena. “Donald Trumpena giza duintasunaren aurkako iraina da”, gehitu du. Nola izan daiteke  epaile, fiskal, kartzelari, borrero, gutxienez mendebaldeko munduan, Estatu Batuetako presidente eta aberats izateagatik? Gaizkile taldeko buru gisa  jokatzen du, ahal duelako, abusatzen du, umiliatzen eta besteak manipulatzen ditu, bere apetak ahulenekin, babesgabeenekin edo pobreenekin betetzeko bakarrik. Bere mailakoekin ez da sartzen badaezpada. Venezuelan egin duena estatu kolpea izan da, lotsagarria eta beste herrientzat arriskutsua. Hau ez da inola ere Madurorena bezalako gobernuak justifikatzea: kaltegarria, errepresorea, intolerantea, baina oraindik herri subirano baten buru zen. Maduroren zorigaiztoko politikek Venezuelako ekonomia hondatu dute eta milioika pertsonak alde egin beste herrialde batzuetara. Oposizioak jazarpen bortitza jasan zuen eta hauteskundeak erabat manipulatutakoak. Bidezkoa da, noski, Madurok hori ordaintzea. Baina kasu honetan hartutako baliabideak ez dira  justifikatzen. Herrialde bakar bat ere ezin da militarrekin sartu beste herrialde subirano batera baimenik gabe.

 

"Jakin nahi genuke noraino iritsi nahi duen trump egolatra eta nartzizistak"

 

ONU beste behin gezur huts izan da eta Venezuelako gotzainek testigantza makurra eman dute. Ez dute Maduroren bahiketarik aipatu ere eta hitz guztiak ondo neurtuta. Honela diote: “Gertutasuna eta laguntza mezua bidaltzen diogu Jainko herriari”. Raul Vera, Venezuelako Gotzain emerituak hitz egin du garbi: “Senideok, Venezuelari egindako erasoa berri beldurgarria da. Hego Amerika osoko bakea ere arriskuan jartzen du. Gaitzetsi beharra daukagu Ipar Amerikako “enperadorearen” erasoa eta indarkeria guztiak alde batera utzi eta errespetua eskatu behar diogu Venezuelarentzat”.

Jakin nahi genuke nora iritsi nahi duen Trump egolatra eta nartzisista honek. Bere herrialdeak historiako hainbat unetan ez zuen zalantzarik izan presidenteak hiltzeko edo kargutik kentzeko (Txilen, Argentinan eta beste hainbatetan) eta erregimen autoritarioak ezartzeko. Biktimak beti berdinak. Trumpek ez du demokraziarik garantizatzen, indarraren legea jarri du giza eskubideen gainetik. Foro honetatik Venezuelako herriaren subiranotasuna errespetatzeko eta indarkeria horren gorakada eteteko eskatzen dugu.