Rosaliaren “La Perla” musika arrakastak eszena tokiak gainditu ditu eta ikasgeletan kokatu da mezu berritu batekin: eskola-jazarpenarekin aski dela aldarrikatu nahi du. Abesti hau “LUX” deritzon azken diskoaren barruan dago, non Rosalia “terrorista emozional” batez mintzatzen den. Nonbait bikotea izandakoaren manipulazio eta gehiegikeria guztiak salatu nahi izan ditu. Beste batzuen esanetan Santa Fabiolari eskainitako omenaldi bat da, bera ere banandu egin baitzen bere lehen gizonaren tratu txarrak jasan zituelako. Erromako legeek onartzen zuten separatzea kasu horietan. Bals xarmagarri bat da eta Arcos de la Fronterako (Cadiz) Lehen Hezkuntzako 5. mailako ikasleek, Lola Garramiola maistrarekin batera, erabilia izan da, letra berri bat jarriaz: bullyinga salatu nahi dute eta adiskidetasuna, errespetua eta ikaskideen arteko enpatia aldarrikatzen dituzte aldi berean.
Bideoa ikasgelan grabatu eta Arkotel sareetan zabaldu dute eta egun gutxi barru biral bihurtu da plataforma digital guztietan. Milioika erreprodukzio izan ditu. Grabaketan, haurrek gogo biziz interpretatzen dute La Perlaren bertsio jatorrizko estrofen ordez honako bertso hauek erasotzaileari jarriz : “Aizu, so egin eta entzun esan nahi dizudan hau/ Nire lagunak benetakoak dira/ denok elkartuta ez dugu inoiz huts egiten/Baina begira, ikasi dut, zuk nitaz esaten duzunak ez zaidala batere axola/Zerbait itsusia esango bazenit/ez nuke entzungo/perla bat zara/inor ez da fio zutaz/perla bat zara”.
Bideoan ikusten den Koreografia oso sinplea da, elkar besarkatuz amaitzen da. Haurrek mezu irmoa bidaltzen diete jazarleei: “ Ez gaude prest zuen gaiztakeriak jasateko”. Beste estrofa batean honela diote: “Zure tranpa zeure kondena bihurtuko da/ Berriro huts egin duzu, hondamen latza zara/ Zuk ez badakizu ere/ denok gara baliotsuak, bakarrak eta paregabeak/Zuk ez dakizu zer den adiskidetasuna/ zintzotasun ezaren monumentu bat egingo dizue/ leialtasuna eta fideltasuna /inoiz ulertuko ez duzun hizkuntza dira”.
Lola irakasleak azaldu duenez, eskola jazarpenaren ondorioei buruz eta Espainiako bullyingari azken albisteen gainean klasean eztabaidatu ondoren sortu zen abestiaren ideia. Geletan aztertu zutenez, eskola jazarpenak eta ziberbullyingak % 12, 3 inguruan eragiten zien 2025ean, aurreko urteekin alderatuta gora eginez. WhatsApp, Instagram eta TikTok dira agertoki digital nagusiak eta adimen artifiziala ere gero eta gehiago erabiltzen da eraso horietan.
Birala bihurtu izateak adierazten du musika kontzientziazio tresna eraginkorra izan daitekeela gazteentzat. Haur hauek gogorarazten dute bullyingaren aurkako defentsarik onena klasean hasten dela. Abestiaren azken esalditako batzuekin amaitu nahi dut: “Ez dakizu zer den lagun bat gertu izatea/ galdu egingo duzu/ Jada ez duzu merezi aukera bat eskaintzea”. Gaztetxo hauen eta Lola irakaslearen bideo honek merezi du ikustea eta entzutea. Niri aparta iruditu zait. “Vaya perla” idatzi googlen eta aterako zaizue. Gaztetxoak eta Lola: bejondeizuela! Crack batzuk zarete! Zuen abestiaren salaketa hori mundu osoan zabal dadila opa dizuet.