Ez dago pertsona ilegalik

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde 2026ko martxoaren 11

Jesusek Jakoben putzuan emakume samariar batekin hitz egin zuen; andre hura samariar leinu lizun batekoa zen, asiriar eta judutar kolonoen arteko mestizajearen fruitua. Samariarrek Garizim mendian beren tenplua eraiki zuten eta Jerusalengo Tenplua ez zuten leku sakratutzat aitortzen. Samariar batekin izandako kontaktu oro, kutsadura iturritzat hartzen zen. Halere, Jesus, judutarra izanik, Sikar hirian gelditu zen eta ura eskatu zion samariar emakumeari. Bere jarduera hori ez zen halabeharraren ondorio izan, oztopo guztiak hautsi eta samariarrekiko zuten gorrotoa salatzeko ekintza baizik.

Ebanjelioan kontatzen diren gertakizunak ez dira behar bada historikoak beti, kontakizun sinbolikoak baizik, irakaspen teologikoak eta istorio honen mezua garbi gelditzen da: giza familia zatiezina da. Ez dago atzerritarrik eta pertsona ilegalik, baina bai gizatasuna desegiten duten legeak, garbitasun ideia zentzugabeak argudiatuz. Mugak gizonak sortu ditu, eta gerrak hasteko eta derrigorrezko deportazioen antzeko basakeriak egiteko aitzakiak izan dira.

Zalantzarik gabe, Trump Jesusen garaiko judutarra izan balitz, Jakoben putzuko samariar emakumearekin ez zukeen inoiz hitz egingo. Bere ikuspegi ultra nazionalistatik, emakume lizuna zela pentsatuko zukeen, hainbeste gorrotatzen dituen hispaniar horien antzekoa.

Jean Jacques Rousseauk arrazoi zuen esaten zuenean bata bestearen kontrako biolentzia hori sortu zela, alegia, gizon batek lurrean marra bat jarri eta bere jabetasunaren hasiera markatzen zuela esan zuenean. Une horretan bertan, guztion etxeak denon espazioa izateari utzi eta eztabaida iturri bihurtu omen zen. Teologo batek honela esan zion hainbeste aldiz biblia eskuan duela ikusten dugun Trumpi: “Kristaua, etikoa eta gizatiarra izatea  ateak irekitzea, harresiak eraistea eta mahaia partekatzea da”.

Aurreko astean Facebooken idazten nuen bezala, ez dago atzerritarrik, ezta pertsona ilegalik ere, baina bai gizatasuna kentzen duten legeak. ICEk (Inmigrazio eta Aduanen Kontrolen Zerbitzuak) ehun bat elizgizon atxilotu ditu deportazio masiboen kontra protestatzeagatik.

Albiste on bat da, hori baita kristauei dagokien rola, hau da, giza familia osoarekin bat egitea, legezko edo legez kanpoko diren begiratu gabe, herritarrak eta atzerritarrak.

"Leon XIV.ak ere zorrotz kritikatu du etorkinei ematen zaien tratu txarra. Noski, ondorioak, beti bezala, xumeek, pobreek eta ahulenek jasaten dituzte"

Trumpek  mespretxatzen eta jazartzen dituen pertsona horiek Frantzisko Aita Santuak aipatzen zituen “baztertu” horiek dira eta gaur ere ateak ixten zaizkie, haurra erditzeko aterpe baten bila zebilen Nazareteko bikoteari egin zioten bezala. “Gaurko mundua gero eta elitistagoa eta krudelagoa da baztertuekin, esaten zuen. Garapen bidean dauden lurraldeak agortzen ari dira beren natura eta giza baliabideak merkatu pribilegiatu gutxi batzuen mesederako”. Leon XIV.ak ere zorrotz kritikatu du etorkinei ematen zaien tratu txarra. Noski, ondorioak, beti bezala, xumeek, pobreek eta ahulenek jasaten dituzte.

Duela gutxi, gure Aita Santuak El pasoko Gotzaina den Marck Seitz hartu zuen bere bulegoan; gotzainak informatu zuen Trumpen Administrazioaren migrazio politikaz. Bere testigantzarekin hunkituta, hau adierazi zuen Aita Santuak: “ Injustiziaren aurrean Eliza ezin da isilik gelditu. Zuek nirekin zaudete. Ni zuekin nauzue”. Lehenago, Ipar Amerikako 216 gotzainek txosten bat idatzi zuten deportazio masiboak gaitzetsiz.

Kristauak politikan ez daitezela sar amestu dute aspaldidanik beren mezua agintariek jarritako ordenaren zerbitzuan egon dadin. Jesusek aurre egin zion Tiberiori, garai hartako Trump eta baita Sanedrinen eskuetan zegoen botere erlijiosoari ere. Ortodoxiaren zaintzaileek heriotzara kondenatu zuten. Errezatu eta erritoekin zintzo betetzen duen kristaua, baina injustiziaren aurrean isiltzen bada, ez da benetako kristaua. Bizitzaren ilunabarrean galdetuko zaigu: Nola hartu duzu atzerritarra? Harrera egin eta ongietorria eman diozu? Ala ezikusia egitea nahiago izan duzu?