Gure lagun eta añorgatar peto-peto honek ez du aurkezpen askoren beharrik. Nongoa den galdetzen zaionean, beti erantzun bera ematen du: Añorgakoa. Teologo handi bat bezala ezagutzen du mundu guztiak. Asteburuero irakurtzen ditut igandeko testu liturgikoez argitaratzen dituen gogoetak eta horietan oinarritzen naiz nire homiliak prestatzerakoan. Estilo soila du (barojarra esango nuke), arina, zuzena eta alferrikako erretorikarik gabea.
Jesusen bizitza aztertzen nekaezina. Liburu zerrenda luze bat argitaratu du. Horien artean ezagunena, zalantzarik gabe, “Jesus. Hurbilketa historikoa” da. Espainiako sektore kontserbadoreen aldetik zentsura zorrotza jasan zuen. Fedetik aldendu eta Jesusen jainkotasuna minimizatu egiten zuela salatu zuten. Espainiako Gotzainen Batzar Nagusi zaharkituaren susmopean bizi beharra izan zuen Pagolak. Azkenean, gorriak eta beltzak jasan ondoren eta urteetako ikerketa baten ostean, Vatikanoko fedearen Dotrinako Kongregazioak liburu horrek heresiarik ez zeukala erabaki zuen. Bide batez, publikoki behintzat inork ez du barkamenik eskatu sufrimendu piloa eragin ondoren. Zorionez, 80.000 ale baino gehiago saldu ditu eta gutxienez 10 hizkuntzatara itzulia izan da.
Bere lagunontzat “pertsonaia jator, maitagarri, alai eta langilea izango da beti, umore ederrekoa gainera”, dio Ketxu Marañon añorgatarrak. Horrez gain, nik erantsiko nioke, Jose Antoniok bizitzaz ikuspegi biziki positiboa eman digula.
Omenaldi honetan zehar, Pagolaren irudi hori bera azpimarratu dute, erreferente espiritual eta gizatiar gisa. Besteak beste, Felix Azurmendi Bikario Orokor ohiak parte hartu zuen, Pagolaren laguna eta kolaboratzailea izan da urte askotan. Honela definitu zuen bere adiskidea: “Nire lagun, bidelagun eta maisu , gizon ona eta leiala. Elizan eta Elizarengatik asko sufritu duena, baina inoiz sosegua eta konpromisoa galdu gabe”. Apaizei, erlijiosoei eta laikoei entzuteko eta laguntzeko gaitasuna ere nabarmendu du. Gipuzkoan bultzatutako pastoral eta gizarte proiektu ugaritan utzitako arrastoa ere gogoratu du Azurmendik, horietako asko zuhurki garatuak, hala nola, laguntza pertsonaleko ekimenetan, osasunari, kartzelei edo kolektibo ahul edo zaurgarrien arretari lotutako esperientzietan.
Imanol Pradales gure lehendakariak, grabatutako mezu baten bidez, apaiz donostiarra ezagutarazi duten “hausnarketa sakonak” azpimarratu ditu. Pertsona askori fedeari, bizitzari eta beren bizitzari buruzko galdera handiei aurre egiten lagundu izana nabarmendu du. “Bilaketa horretan lagundu diezu gure herriko eta mundu osoko emakume eta gizon kristauei”. Setien eta Uriarte gotzainekin batera egindako lana aldarrikatu du eta garai zailetan gainera. “Eurekin batera diskrezioz lan egin zenuen garai latzetan. Zure ibilbide horretan bakearen eta pertsonaren duintasunaren defentsa izan dituzu ardatz nagusi”.
Fernando Prado gure gotzainak zuzendutako Eukaristia batekin amaitu genuen Añorgako ekimena. Neu izan nintzen organojole eta Jose Antonioren gustuko pieza pare bat jo nituen: J.S. Bachen Koral bat eta Haendelen “Canticorum jubilo”. Gero, 90 bat pertsonek Zubietako jatetxe batean bazkaldu genuen anaitasun ederrean.
Bejondeiala, Jose Antonio. Hik utzitako ondarea ez duk inoiz zahartuko, bere iturria bizia ematen duen ebanjelioan oinarrituta baitago. Jarrai ezak horrelaxe gure ibilbidea argitzen maitasunez eta gertutasunez. “Nire helburua ongia praktikatzea izan da beti”, entzun genian. Guri ere horretan laguntzen badiguk, eskertuko diagu. Ez duk inoiz animo faltarik izan eta gaurko omenaldia bera bultzada bat izan duk zentzu horretan. Zorionak eta segi hire artzain eta maisulan paregabe horretan.