Xenia: abegikortasunaren kode sakratua

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde

Aintzinako greziarrak ez ziren berdintasun eredu bat, ezta indarkeriarik

gabeko gizarte bat ere, baina, gutxienez, betebehar bat ulertzen zuten eta praktikan jartzen saiatzen ziren: Xenia, hau da, abegi onaren kode sakratua, anfitrioien eta arrotzen arteko harremanak zuzentzen zituena.

Atzerritarrari janaria, edaria, aterpea eta babesa eskaintzea behartzen zuen. Abegikortasun betebehar sakratu horrek Zeus Xenios bera zuen babesle, zaintzaile. Lege hori ez zen inozokeriagatik bete behar; bazekiten bidaiari hori ezkutuko Jainko bat izan zitekeela, naufrago bat. Kontua zen, zure aurrean zaurgarri, ahul, arlote agertzen zena ez abandonatzea edo gaizki tratatzea. “Odiseak berak, gure oraina lotsatzen duen lezio bat gordetzen du. Ezezagunari bere jatorriaz, erlijioaz, paperez edo baliagarritasunez galdetu aurretik, eserlekua eta ogia ematen zitzaizkion” (Emma Martinez, kazetaria eta irakaslea). Gaur egun, batzuk eta gehiegitan gainera, alderantzizko jokabidea dute: aurrena susmoa, gero umiliazioa, eta ahal bada, kanporatzea.

Ceutan ikusi ditugun eszena batzuek ez dute eufemismorik onartzen; hots: Gurutze Gorriak goseak dauden pertsonei elikagaiak ematea debekatzea ez da “mugak defendatzea”, krudelkeria baizik. Ezer gabe etorri direnen ondasun apurrak erretzea ez da abertzaletasuna: indarkeria arrazista da soilik. Azalaren kolorea, azentua edo jatorria susmo bihurtzeari xenofobia deitzen zaio, nahiz eta banderetan bildu eta nazioaz hitz egin. Eszena horiek denok ikusi ditugu behin eta berriz.

Zabaldu dituzten informazioen arabera, eskuin-muturreko faxista talde batzuek etorkinentzako laguntza humanitarioa blokeatu egin dute eta haien ondasun gutxi batzuei su eman diete. Motxilak erretzen ere ikusi ditugu; baina motxila errea ez da anekdota bat. Nortasuna froga dezakeen dokumentu bakarra gorde dezake, familiako argazki bat, galdutako etxe baten gutxieneko oroitzapena. Hori erretzea “hi soberan hago hemen, aldegin ezak” esatea da. Lehen esan duguna: gauzak beren izenez deitu behar dira: ez dagoela ezer errugaberik gose denari janaria kentzean, ez dagoela Espainiarekiko maitasunik pobrea umiliatzean. Dagoen bakarra ideologia arrazista da.

“Gorrotoz, suz eta gosez erantzuten badugu, ez gara herrialde bat defendatzen ari, zibilizazioaren ideia bera suntsitzen baizik” (Emma Martinez)

Kanarietan egindako hitzaldian, Leon XIV.ak galdera harrigarri bat egin zuen: “Zemundu eraiki dugu, hainbeste anai-arrebek heriotza arriskatu behar badute bizitza aurkitzeko?”. Aita Santuak Gurutzeko San Joanen esaldi ospetsu hura gogoratu zuen: “Bizitzaren ilunabarrean, maitasunaren gainean epaituak izango gara”. Ebanjelioak argi eta garbi adierazten du: etikoa eta gizatiarra samariarraren jarrera izan zen eta ez apezarena eta lebitarena. Hauek bide bazterrean erdi hilik zegoen gizagaixoa ikusita, kupitu, gelditu eta lagundu beharrean, aurrera egin zuten.

Hausnarketaren hasieran aipatu dudan Zeus Xenios horrek ez du tenplurik, apaizik edo estatuarik gure plazetan. Baina, hark ordezkatzen zuen betebeharrak zutik irauten du, edozein erlijiotik haratago: zaurituta iristen dena babestea eta zauriari indarkeriarik ez gehitzea. “Gorrotoz, suz eta gosez erantzuten badugu, ez gara herrialde bat defendatzen ari, zibilizazioaren ideia bera suntsitzen baizik” (Emma Martinez).