Naza

Erabiltzailearen aurpegia Luis Aranalde

Egun hauetan zinemara joateko aukera izan dut eta hiru pelikula ikusi ditut: Los Javisen “La Bola Negra”, “Chopin” eta “Naza”. Hirurak zein baino zein hobeak.

La Bola Negra Oscar sarietarako aukeratua izan da eta sari guztiak opa dizkiot, hain da aparta Garcia Lorcak amaitu gabe utzi zuen idazki labur batean oinarrituta dagoen filma hori. Chopin guztizko gozamena: bere musika da, agian, gehien hunkitzen nauena. Bere bizitza  latza izan arren (39 urterekin hil zen tuberkulosiak jota), sekulako obrak konposatu zituen. J.S. Bach eta Chopin dira nik gehien landu ditudan musikagileak eta nire uste apalean onenak, bai pianorako eta bai organorako. Hirugarren pelikula “Naza” izan da eta bere gainean batez ere egin nahi nuke gaurko gogoeta. 

Naza akronimo bat da (hitz batzuen lehen letrarekin konposatutako berba) eta “kalte kolateralak” esan nahi du. Laburbilduz, Israelgo armadak eraso baten ondorioz hilko dituen zibilen kopurua izendatzeko erabiltzen den kodea da. Israelgo armadak hitz hori erabiltzen du albo kalteez ari denean, biktima zibilez alegia. Gazan helburu militar bat suntsitzeko ere bai, agidanez. Pelikula dokumental honen egileak Yuval Abraham eta Rachel Szor izan dira. Tel Aviveko teilatuetan izandako topaketa batzuk biltzen ditu; jakina, gauez eta isilpean filmatuak. Israeldarrek  Gazan hilketa kalkulatuen sistemak diseinatu eta erabili dituzten militarrekin hitz egin dute dokumentalaren zuzendariek. Ilunpetan, 24 militar eta ofizialen testigutzak jaso dituzte: alde batetik, genozidioaren ezaugarriak zehatz-mehatz kontatzen dituzte eta bestetik, nola erabiltzen zuten adimen artifiziala bonbardaketak planifikatzeko orduan. Elkarrizketatu dituztenen aurpegiak eta ahotsak digitalki aldatu egin dituzte. Filmak oihartzun handia lortu du nazioartean —Veneziako Zinemaldian Epaimahaiaren Sari Berezia eta 25 minutuko txalo-zaparrada jaso zituen—, baita Euskal Herrian ere, Donostiako Zinemaldiko Perlak sailean aurkeztu zutenean.

Filmak salatzen du nola erabiltzen duten Adimen Artifiziala helburu zibilak eta etxeak bonbardatzeko. Militarrek beraiek aitortzen dute zibilen heriotzak kalkulu matematiko hotz eta bideo-joko baten moduan tratatzen direla. Filmak ez du gerraren ikuspegi panoramiko bat eraiki nahi. Soiltasunaren aldeko apustua egin du. Gauez grabatutako elkarrizketak, argi urria eta lekukoen anonimotasuna dira kontakizunaren ezaugarri nagusiak. “Aurpegiak bigarren planoan geratzen dira, eta hitzak hartzen du protagonismoa. Erabaki militarren atzean dauden ahotsak jartzen ditu erdigunean, eta galdera deseroso bat planteatu: zer gertatzen da zibilen heriotzak, saihestu beharreko ondorio izan beharrean, kalkulu militarren barruan onartutako kostu bihurtzen direnean?“, idazten zuen kritiko batek.

Dokumentalaren zati batean, Netanyahu politiko teoriko bat bezala agertzen da eta liburu baten aurkezpenean terrorismoa zer den galdetzen diote. Bere erantzuna garbia eta zalantzarik gabea da: “ Zibilak eta errugabeak helburu politikoekin hiltzea”.

"Gaiztakeriarik makurrena ere zerbait arrunta, hutsala bihurtzen da, etika saihesten denean"

Hannah Arendt-ek liburu ospetsu bat idatzi zuen: “Gaizkiaren banalitatea edo hutsalkeria”. 1961ean, filosofo judu-alemaniar hau Jerusalemen izan zen Eichmannen aurkako epaiketan — milioika judu kontzentrazio eremuetara garraiatzeko logistikaren ardura izan zuen burokrata nazi honek. Eta bere tesiaren gakoak dira: lehenbizi, Eichmen ez zela munstro bat, burokrata bat baizik. Arendt-ek espero zuen tipo sadiko batekin topo egingo zuela eta horren ordez “gizon kaskar, gris, harroputz eta psikologikoki guztiz normal bat” aurkitu zuen. Bigarrenez, pentsamendu kritikoari guztiz uko egin ziona. Eta hirugarrenez: agintzen ziotena betetzea zen bere kezka bakarra. Eichmannek argudiatzen zuen ez zela erruduna, “aginduak bete besterik ze zuela egin”. Arendt-ek termino hori, hau da, gaizkiaren hutsalkeria sortu zuen “ez genozidioaren larritasuna minimizatzeko, baizik eta azaltzeko, historiako krimenik handienak pertsona arruntek egin ditzaketela sistema totalitario baten barruan”. Gaiztakeriarik makurrena ere zerbait arrunta, hutsala bihurtzen da, etika saihesten denean. Hori frogatu nahi dute NAZA dokumentalaren irudiek eta bertan parte hartzen duten militarren testigantzek.