Sexologiari buruz Santuenean iragarri diren saioetan lehena gaur, Jon Etxabe Telleriarekin

Noaua Aldizkaria 2019ko ira. 27a, 08:26

Santuenea Auzo Elkarteak sexologiari buruzko saio sorta antolatu du udazken honetarako. Lehen hitzordua gaurko (irailak 27) 18:00etan aipatu elkarteko egoitzan. Auzotar Jon Etxabe Telleria psikologo-sexologoak bideratuko ditu saiook.

Psikologoa da Jon Etxabe, Santuenea auzokoa. Sexologian espezializatu zen eta aurtengo ikasturtean hiru hitzaldi eskainiko ditu sexologiaren gainean. Lehena hilaren 27an izango da, “Sexologiaren oinarriak” izenpean. Berarekin izan da NOAUA! hitzaldien gainean sakontzeko.

Sexologiaren gaia landuko duzu. Zer da hitzaldi horietan azaldu nahiko zenukeena?
Jon Etxabe: Sexologiaren gaia berez ez da horren delikatua, baina lehen begiradan inpaktua sortzen du oraindik ere. Hitzaldi horiekin ikuspegi orokor bat eskaini nahi dugu sexologiaren inguruan. Hiru hitzalditan banatu genuen kontatzeko daukadana. Ni orduak eta egunak egon naiteke gaiaren inguruan hizketan, baina zehaztu beharra geneukan kontua. Lehen hitzaldia sexologiaren oinarrien gainean izango da: zer da sexologia? Zein ikuspegi lantzen ditu? Zeintzuk dira bere oinarriak? Zein hizkuntzatan ari gara? Guk sexua hitza erabiltzean, kale mailan, larrua jotzea da, baina sexua berez gizon edo emakume izate hori da eta erotika litzateke larrutan egitea. Gisa horretako kontuak landu eta garbitzea da lehenengo hitzaldi horren helburua. Maskulinitatea eta feminitatearen gaia eta sexologian garrantzia handia duten gai horiek landuko ditugu.

Sexu harremanetan sortzen diren gaixotasunak ere landuko ditugu, bai alde medikutik, bai alde psikologikotik. Egoera sozioekonomikoak zer nolako eragina eta garrantzia dituen sexologian... popurri bat sortzea pentsatu genuen eta mito eta egien gaineko gogoeta bat sortu bigarren hitzaldi horretan. Ezinhobea litzateke lehen egunean hitzaldian parte hartutakoek modu anonimoan galderak uztea, bigarren horretan gai horiei heltzeko. Modu horretan publikoaren behar eta interesetara moldatuko ginateke, hori da azken nean elkarte batek egin beharrekoa: zein behar dauden identifikatu eta horiei erantzun. Nik gai batzuk prestatuta ditut hala ere, baina egokiena publikoak erabakitzea litzateke. Azken egunean, garrantzia berezia eman nahi nioke feminismoaren eta berdintasunaren gaiari. Etengabe gure inguruan ikusi eta lantzen dugun gaia da eta gaur egun ez dago feminismo bakar bat, mota askotakoa izan daiteke feminismo hori. Pertsona bakoitza korronte batera lerratzen da nolabait. Hitz egiten da feminazismoaz, feminismo erradikalaz... Hori guztia aztertzea da nire asmoa eta bakoitzak borroka horretan laguntzeko zer egin dezakeen aztertuko dugu. Gizon zein emakumeek izan ditzaketen dudak argitu eta gaiaren inguruan sexologiaren ikuspegia aztertzea da nire asmoa.

Hitzaldi horietara zein adinetako jendea hurbiltzea espero duzu?
J. E.: Adin guztietara bideratutako tailerrak dira, modu horretan prestatu eta planteatu ditut behintzat. Badakit txikienak ez direla etorriko, gurasoengatik batez ere. Edadetuen artean ez dut mugarik ikusten, sexualitatea jaiotzen garenetik lantzen dugun zerbait da eta hiltzen garenean amaitzen da. Modu batean edo bestean, denok ikasiko dugu zerbait. Egoera eta espazio bat sortu ahal izatea adin ezberdinetako jendearekin oso aberasgarria izan daiteke. Gazte batek izan ditzakeen arazoetarako erantzuna izan dezake heldu batek, edo edadeko pertsona batek. Zenbateko aniztasuna dagoen jabetzea oso aberasgarria izan daitekeela uste dut. Adin guztietako jendea izango da ongi etorria.

“Adineko jendearentzat ere interesgarria izan daiteke”
NOAUA! Aurrerago hitzaldi hauei jarraipena emateko asmorik baduzue?
Alazne Lazkano: Aukera bat izan liteke jendearen erantzuna ona bada behintzat tailerren bat edo kurtsoren bat antolatzea Jonekin gai hauen gainean. Jendearen erantzuna eta Jonen asmo eta gogoen arabera izango da hori.
Jon Etxabe: Ikusten badugu aurten ez dela jende gazterik hurbiltzen, helduagoetan jar genezake fokua. Harremantzeko oso tresna interesgarria izan daiteke, jendea ezagutzeko modu bat.
A. L.: Adineko jendearentzat interesgarria izan daiteke, nire ustez. Beste garai bateko kontuak direla uste dute askotan, baina eurak ere garai honetan bizi dira eta moldatu beharra daukate. Moldatu moldatzen dira, baina azalpenak jasoko balituzkete hobeto ulertuko lituzkete zenbait kontu.
J. E.: Aiton-amonek beren bilobak homosexualak direla jakitean, askotan sustoak ere hartzen dituzte kasik, ez? Zer ote dio honen inguruan jainkoak? Erantzunak gehienetan onak izaten dira, baina beren garaietan kontu arrotzak ziren haiek. Hezkuntza kontua da askotan.