Emakume Zirkuluaren lehen saioa igandean Santuenean

Noaua Aldizkaria 2020ko ots. 28a, 12:21

Konfiantzazko eta errespetuzko espazioa, elkar indartzeko zirkulu bat eskaini nahi die Santuenea Elkarteak, datozen hilabeteotan auzoko egoitzan osatuko den Emakume Zirkuluarekin. Zirkulua osatzera deituak daude 16 urtetik gorako neska gazte eta emakumeak. Lehen hitzordua, igande honetan bertan, martxoaren 1ean, 17:00-19:00 artean.

Santuenea Elkarteak Emakumeen Zirkulua osatzeko deia egin du, 16 urtetik gorako neska gazte eta emakumeentzat. “Zirkuluan eserita burutzen dira saio hauek, hierarkiarik gabe berdinetik berdinera hitz egiteko. Konfiantzazko eta errespetuzko espazio batean elkarren bizi esperientziak elkarbanatuko ditugu, gure gidalerroa hilekoaren zikloa (martxotik ekainera) izanik. Horretarako dinamika ezberdinak proposatuko ditugu”. Gehienez 15 lagunek parte hartu ahalko dute bi dinamitzaileek bideratuko dituzten saioetan.

Saioak martxoaren 1ean, apirilaren 5ean, maiatzaren 10ean eta ekainaren 21ean izango dira, 17:00-19:00 artean, Santuenea Elkartean. Informazio gehiagorako eta doan izena emateko: 670 027 731. 

“Elkar indartu beharrean, aldamenekoarekin lehian gabiltzan”, joera hau hautsi eta arbasoek aitzineko suaren bueltan hierarkiarik gabeko zirkuluan biltzen ziren gisara elkartu nahi dute. “Bertan, kezkak, irriak, beldurrak, lotsak, ametsak, desioak… elkarbanatzen zituzten, nor ziren elkarrekin gogoratuz”. Santuenean osatu nahi duten emakume zirkuluarekin ere berdin egin nahi dute. “Denok gara berdinak eta garrantzitsuak. Denok dugu ikusiak eta entzunak izateko eskubidea. Denok bihurtzen gara elkarren ispilu, eta hartu-eman honi esker, osatzen goaz”.

Zirkulu honetan parte hartzeko gonbita luzatzen dute, “su inguruan bildu nahi duen emakume orori. Hartu zure beldurrak, lotsak, ametsak, irriak… eta ekarri guztiak zirkulura. Denak ongi etorriak dira”.


EMAKUME ZIRKULUA
Aitzinetik suaren inguruan biltzen ziren gure arbasoak, zirkulu batean, hierarkiarik gabe. Bertan, kezkak, irriak, beldurrak, lotsak, ametsak, desioak… elkarbanatzen zituzten, nor ziren elkarrekin gogoratuz.

Bizi garen une honetan, aldiz, elkar indartu beharrean, aldamenekoarekin lehian gabiltza. Lur berdinetik sortuak garela ahaztu zaigu, eta honekin puskatzeko esertzen gara zirkuluan.

Emakume zirkulu batean, denok gara berdinak eta garrantzitsuak. Denok dugu ikusiak eta entzunak izateko eskubidea. Denok bihurtzen gara elkarren ispilu, eta hartu-eman honi esker, osatzen goaz.

Emakumeok “su” baten inguruan biltzen garenean, indar berriak sortzen dira, nahi ez direnak erretzen dira, ospatu egiten da, sendatu, sortu, asmatu, batu egiten gara, lurperatu pasatakoak, bizia eman, zaindu, besarkatu, elikatu egiten gara, gure sustraiak aurkitzen ditugu… nor garen gogoratzen dugu. Izan ginenak, garenak eta izango garenak.

Izan ere, emakumeak esnatzen hasi gara, gogoratzen hasi garenean.

Gonbidapena luzatzen diogu "su" inguruan bildu nahi duen emakume orori. Hartu zure beldurrak, lotsak, ametsak, irriak… eta ekarri guztiak zirkulura. Denak ongi etorriak dira.

Martxoaren 1ean, Santueneako kultur elkartean, arratsaldeko 5etan. Bi orduko saioa izango da. Izen-ematea: 670.027.731. Dohakoa.

Santuenea Kultur Elkartea.