Santueneko erriberako bi aulkiren oholak ebaki eta eraman dituzte

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 6a, 15:18

Santuenetik Txokoaldera doan bi eserlekuren egurrezko oholak ebaki eta ostu dituztela berri eman dute zenbait herritarrek. Haserrea adierazi nahi izan dute, ondoko argazkiekin.

Santuenetik Txokoalderako erriberako bidean dagoen bi eserlekuek eserleku izateari utzi diote larunbat honetan. Paseoan nahiz kirol jardueraren bat egiten dutenentzat, atseden hartzeko nahiz egonean egoteko baliabiderik gabe utzi dute Santuenea eta trenbide artean den irudiko eserlekua. Herritar batek bidali dizkigun ondoko argazkien itxurarekin esnatu da. Esertzeko dituzten egurrezko oholak ebaki eta ostu dituzte.

Argazkiok NOAUA!ra helarazi dituen herritarrak bere haserrea adierazi nahi izan du. "Atzo ondo zeuden eta gaur goizean horrela. Ea ze "grazioso" izan den hau egin duena", adierazi digu. Usurbilgo Udalak margotu berriak zituela jakinarazi digu.

Sare sozialen bidez, auzotar batek ere bere haserrea eta salaketa mezua zabaldu nahi izan du. "Santueneatik Txokoaldera doan bidean eserleku hauen oholak moztu eta eraman dituenak jakin dezala kaltetu zuzenak auzotarrak izan garela. Onartezina".