Santueneko aulkiak konponduta eta erabiltzeko moduan

Noaua Aldizkaria 2020ko eka. 12a, 08:15

Santuenetik Txokoaldera doan bi eserlekuren egurrezko oholak ebaki eta ostu dituztela berri eman ziguten zenbait herritarrek iragan asteburuan. Udalak jada egokitu ditu eserlekuok.

Herritar berak eserlekuak konponduta dauden argazkia helarazi du NOAUA!ra. "Ea bakean uzten dituzten", adierazi digu. 

Oholak ebaki eta eraman zituzten
Santuenetik Txokoalderako erriberako bidean dagoen bi eserlekuek eserleku izateari utzi zioten iragan asteburuan. Paseoan nahiz kirol jardueraren bat egiten dutenentzat, atseden hartzeko nahiz egonean egoteko baliabiderik gabe utzi zuten Santuenea eta trenbide artean diren bi eserleku. Esertzeko dituzten egurrezko oholak ebaki eta ostu zituzten.

Argazkiok NOAUA!ra helarazi zituen herritarrak bere haserrea adierazi nahi izan zuen. "Atzo ondo zeuden eta gaur goizean horrela. Ea ze "grazioso" izan den hau egin duena", adierazi zigun. Usurbilgo Udalak margotu berriak zituela jakinarazi zigun.

Sare sozialen bidez, auzotar batek ere bere haserrea eta salaketa mezua zabaldu nahi izan zuen. "Santueneatik Txokoaldera doan bidean eserleku hauen oholak moztu eta eraman dituenak jakin dezala kaltetu zuzenak auzotarrak izan garela. Onartezina".