Zuen artean bazen laguntasuna lehendik, baina nola bildu zineten proiektu honen bueltan?
Usurbilgo jaietako Bertsio Gaua herriko jendea eta musika giro horretan harremantzeko plaza ederra izaten da. Duela bi urtekoan biltzeko ideia sortu zen eta iazko ediziorako zerbait egiteko asmoa sortu zen, taldearen pizgarria izan zen. Honek Bertsio Gauaren indarra azaleratzen du.
Rock talde bezala aurkeztu duzue zuen burua Kultur Biraren egitarauan.
Taldearen hasiera da, gure estiloa bilatzen ari gara. Ez dugu guztiz definitu nahi gure estiloa, bilaketa horretan gabiltzalako.
Zer entzun ahalko dugu Santueneko emanaldian?
Konfinamendu aurretik pare bat kanta genituen gureak. Konfinamenduan zehar sortzen hasi eta 7 kanta izatera heldu gara. 3 bertsio ere joko ditugu. Gehienbat gure kantak joko ditugu, ia jendeak gustukoak dituen.
Konfinamenduak nola eragin dio taldeari?
Guri eta ia talde guztiei geldialdi handia eragin digu. Bakoitzak bere etxean ideiak sortu ahala partekatzen aritu da. Gero, entseatzeko gogo handiz atera ginen, eta are gehiago, konfinamendutik irten eta segituan kontzertua eskainiko genuela esan zigutenean.
Kultur Biran eskainiko duzue estreinako kontzertua. Emanaldi berezia faktore anitzengatik; lehena, garai “berri” honetan…
Guretzat lehen kontzertua Liher taldearekin eskaintzea potentea da, kasualitate berezia, zeren gure Bertsio Gauerako Liherren bertsioa egin genuen. Aurretik prestatuak genituen pare bat bertsio Liher taldearenak eta orain ezingo ditugu jo. Horrek beste bertsio batzuk jotzeko erronka sortu du.
Nola irudikatzen duzue bizi dugun testuinguru berrira egokituko den kontzertua?
Aukera oso ona iruditzen zaigu. Ezohikoa izango da kontzertu bat eserita ikustea. Esperientzia berri bat.
Taldeak eta publikoak elkar ezagutzeko aukera handiagoa izango duzue.
Publikoaren eta oholtza gainean daudenen arteko ispilu hori oso garrantzitsua izaten da. Gu motibatuak bagaude publikoa motibatzen dugu, baina alderantziz ere bai. Ahalik eta lotsa guztia galdu eta hoberen erantzutea espero dugu. Kontzertura doanak eserita egon beharko du, emanaldira begira. 250 bat pertsona egongo direla seguru dakigu aldez aurretik. Hori ere bada erronka. Oraingoan aurrean izango dugun publikoa ezberdina izango da.
Gatozen konfinamendutik etorrita eta gauden egoran egonda, nola hartu duzue Kultur Biran parte hartzeko gonbita?
Aukera handia ikusten dugu. Taldeontzako aukera ona da. Usurbilen apustu handia egin dute, errekonozitzeko moduko lan handia da. Apustu galanta da, errazena ezer ez antolatzea zen. Apustu hori ahalik eta ondoen ateratzea espero dugu, itxura behintzat ikaragarri ona du.
Zer bide egitea aurreikusi duzue testuinguru berri honetan?
Gu bezalako talde txikiek ez dute kontzertuak eskaintzeko hainbesteko aukera izango. Beraz pazientzia izan eta entseatzen segiko dugu, zerbait atera arte. Aurrerago eragingo digu gehiago. Usurbilen normalean festa batzuetan jota, bizpahiru jai erortzen dira. Horregatik Kultur Biraren aukera hau izatea pribilegio bat da. Egoera honetan Usurbilen sortzaileentzako egin den apustua oso onuragarria eta eskertzekoa da.
Bizi dugun ezohiko egoera zer ari zaigu irakasten, zer ikasi beharko genuke kultur arloan esaterako?
Usurbilek egin bezala, kultur arloa indartzeko apustu gehiago egiten jarraitzen bada, eremu honen ikuspegi aberats bat izateko aukera egongo da. Jendeak duen indarra baliatu beharra dago gauza berriak egiteko. Usurbilen ikusi da kultur arloan bezala, babes sarearekin bezala, jende pila bat inplikatu dela. Herri baten nortasuna eraikitzeko zutabe garrantzitsuetako bat kultura izan daiteke eta hori alboratzea edo beti azken txokoan uzteak bere kalteak dakartza.
Zergatik ez dugu galdu behar Amebaren kontzertua?
Ilusio eta gogo handiz hartu dugun proiektua da eta Kultur Biraren erronka hau ere indar handiz hartu dugu. Kontzertuan hori trasmititzen saiatuko gara. Jendea gustura geratzen bada gu ere oso pozik.