Covid19-ak eragindako osasun krisialdira egokituriko kontzertu gauen irudiak dituzue segidan. Abian den Usurbilgo Kultur Biraren baitan, bart Santueneko karpa azpian ospaturikoa. Ameba herriko rock talde berriaren aurkezpen kontzertuak abiarazi zuen gaua.
Emanaldi borobila eskaini zuen Malen Azpiazu Zubeldia (ahotsa), Enara Eizagirre Hueta (bateria), Haritz Zabaleta Eizagirre (kitarra) eta Jon Mikel Azpiazu Zubeldia (baxua) laukoteak. Liher taldekoek borobildu zuten kontzertu gaua.
Gaurko kontzertuak ere streaming bidez zuzenean
Hitzordu bikoitza gaur ere (uztailak 4) Santueneko eskubaloi pistan egokitu duten karpa gunean; 22:00etan hasita Natali herriko taldea eta Izaki Gardenak! “Natali Izagirre eta Ixak Arruti herrikideek gidaturiko proiektua Kultur Biran izango da. Pop-rock, rock-and-roll, hard rock, reggae, funk, soul… estiloak zipriztintzen dute 2018an kaleratu zuten Garena izeneko estreinako lana. Izaki Gardenak taldea Dena Oskol izeneko azken lana aurkeztera datorkigu. Estudioko laugarren lan horretan soula eta psikodelia ukituak txertatu dituzte: diskoa osotasunean konposatzeko apustua egin dute, single-ei ihes eginda”.
Ekainaren 27a baino lehen izena eman eta sarrerak egokitu zitzaienek sartu ahalko dute kontzertu gunera. Sarrerarik gabe geratu bazara, atzokoak bezala, larunbat gau honetako musika emanaldi bikoitza ere zuzenean eskainiko dute streaming bidez, usurbilkultura.eus ataritik.