Gabonak ospatu zituzten Santuenean ere

Erredakzioa 2021ko urt. 11a, 16:49

Urtero legez, inoiz baino neurri zorrotzagoak hartuta, ospatu zituzten gabonak Santuenean. 

Habien tailerrak eman zien hasiera ospakizunei, giro atseginean elkartu ziren adin guztietakoak frontoian. Bautista auzotarrak gidatu zuen tailerra egun hartan. Eguberriak gainean zirela argiztatu zituzten geroago habi horiek.

Opor usaina zabaltzen hasi berritan, abenduaren 18an plaza ondoan kokatutako zuhaitza argiztatu zuten, eta Olentzeroren postontzia ikustarazi zuten haurrak gutunak idaztera animatzeko. Hurrengo egunean jarri zuten Olentzero bere ohiko lekuan, parke ondoko zelaian. San Tomas egunez postontzia auzoko lokalaren aurrean kokatu zuten, bai eta abenduaren 24an ere, Olentzero etorri bitartean haurrek eskutitzak sar zitzaten. 

Gozokiak oparitu zituen Olentzerok eta abenduaren 24an auzotik ere pasatu zen kamioian.

San Tomas Eguna ere ospatu zuten auzotarrek, baina ez urtero moduan. Auzo Elkarteko kideek prestatu zuten txistorra eta kalera atera ziren jubilatuei eta bertan zebiltzatenei eskainiz. Jende pilaketak ekiditea zen helburua, eta hala egitea lortu zuten gisa horretara. Txistorra egosten bi lagun aritu ziren segurtasun neurri oro kontuan hartuta. Goizean eta arratsaldean lanean aritu ziren denentzat txistor muturra egon zedin. Gabonetako otarraren zozketa ere egin zuten.

Gabonak alaitasun garaitzat hartzen dira, eta urteroko giro ona ez zapuzteko, musikarekin girotu zituzten arratsaldeak 6etatik 8ak bitarte.