Iker Eizagirre Hiritik At-eko kideak azaldu duenez, lautan banatu dute parte-hartze prozesua:
Aurre-fasea (ekaina). Santueneako auzo planak Usurbilgo testuinguru orokorra kontuan izan behar du (batik bat, HAPO-aren garapena), eta baita ere aurretik egin diren eta martxan dauden esku-hartze proposamenak ere. Testuingurua ezagutzeko bi saio antolatu dituzte:
- Ekainaren 16an: HAPOa eta auzo planaren aurkezpena auzokideekin.
- Ekainaren 30ean: Santueneako irisgarritasun proiektuaren aurkezpen irekia.
Diagnostiko parte-hartzailea (iraila-urria). Entzute fasea izango da, auzoan den jakintza metatua jasotzeko. Online galdetegi bat egingo dute, baita talde elkarrizketak ere.
Garapena (urria-abendua). Auzoaren lehentasunak definituko dituzte, behar nagusiak. Horiei erantzuteko konponbideak topatuko dituzte, eta planari begirako zehaztapen teknikoak landuko dira. Besteak beste, espazio publikoa, mugikortasuna, auzo ekonomia, zerbitzuak, zaintza, energia edota gobernantza bezalako eremuak landuko direla aurreikusi dute.
Itzulpena (urtarrila). Auzotarrentzat zein udalarentzat erabilgarria izango den auzo plana dokumentua osatu eta auzotarrekin kontrastatuko dute.
"Koordinaziorako lan-talde bat osatuko da"
Iker Eizagirreren esanetan, "koordinaziorako lantalde bat sortuko da, Hiritik At-en lanari jarraipena egingo diona eta udalarekin harreman iraunkorra izango duena". Prozesuan zehar sortutako materiala usurbil.eus web orrialdean txertatuko dute, prozesua hastearekin batera propio sortuko den orrialde batean.