Film proiekzioen ostean, Santuenea irailera begira

Noaua Aldizkaria 2021ko uzt. 19a, 08:08

Hainbat ikastaro iragarri dituzte, baita argazki lehiaketa ere. Eta horrekin batera, etorkizuneko Santuenea eraikitzeko parte hartze prozesuari ekingo diote uda ostean.

Uda giro beteko arratsalde eta iluntze pasa bizi izan zuten Santuenean iragan larunbatean. Bi film proiekzio eskaini zituen Santuenea Elkarteak; "Bihurri" haurrentzat arratsalde partean, eta "Figuras ocultas" izenekoa iluntzean. Plaza giro ederrean, eskubaloi zelaian izan ziren emanaldiok.

Etorkizuna eraikitzera
Lasai ederrean gozatu zuten flim hauez, auzoko plazara hurbildu zirenak. Gainerakoan irailera begira da jada Santuenea. Gogoan izan, batetik, auzoaren etorkizuna elkarlanean diseinatzeko parte hartze prozesuari ekingo diotela uda ostean. Ekainean auzo plana eta Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aurkeztu zituen Udalak eta egitasmoa dinamizatuko duen Hiritik At! Kooperatibak. Baita auzoko irisgarritasun proiektua ere. Irailetik urrira, "entzute-fasean" murgilduko dira, "auzoan den jakintza metatua jasotzeko". Online galdetegi bat egingo dute, baita talde elkarrizketak ere. Urritik abendura, auzoaren lehentasunak definituko dituzte. Urtarrilean, auzo-plana osatu eta "auzotarrekin kontrastatuko dute". Prozesu honi buruzko informazioa, Usurbilgo Udalaren usurbil.eus atariko "Santuenea Elkarlanean" atalean jaso dezakezue. 

Ikastaroak
Horrez gain, Santuenea Elkartetik zenbait ekimen iragarri dituzte. 18. Argazki Lehiaketa; oraingoan, erretratuak ateratzeko "Santueneako sarrera-irteerak" gaia proposatu dute. Irailaren 30a baino lehen aurkeztu beharko dira 50X50 tamainan edo modu digitalean. Xehetasun gehiago, 670 027 731 telefono zenbakian.

Bestetik, 2021-22 denboraldirako ikastaroak ere antolatu dituzte: aeroyoga (asteazken arratsaldeetan), aero berezia (astearte arratsaldeetan), errestauratiboa (ostegun goizetan). Izena eman edo informazio gehiago eskuratzeko bi telefono zenbaki dituzue; 615 715 991 edo 670 027 731. Urritik aurrera (astelehen eta ostiraletan 17:00etan) Taichi tailerra ere antolatu du Gure Elkartea jubilatu elkarteak, Santuenea Elkarteko 16. lokalean. Iraila hasieran eskaintzekoak dira zehaztasun gehiago.