Santuenea Elkarlanean talde eragilea Auzo Planaren definizioa dinamizatzeko sortu den boluntario taldeak ateak irekita dauzka edozein auzokidek bertan parte hartu nahiko balu. Usurbilgo Udalaren babesarekin eta Hiritik At Koop.-en bide-laguntzaz, urrian zehar sukalde lanak egiten egon dira, eta iritsi da unea plazara salto egiteko. Talde eragiletik galdetegi bat prestatu dute horretarako, auzokide guztien artean egin dezaten auzoaren argazkia: zer dugu hobetzeko Santuenean, epe ertaineko ikuspegian? Zeintzuk dira lehentasunak? Ba al dugu gaurdanik proposatu nahi dugun ideiarik?
Espazio Publikoaren eremuan, mugikortasunean, irisgarritasunean, zaintza, ekipamendu zein zerbitzu publikoen eremuan, edota, elkarbizitza eta auzo-antolaketaren esparruan ekarpenak erraz jasotzeko tresna da galdetegia. Noski, gai berriak proposatzeko aukera ere izango da bertan.
Behin galdetegiak jasota, ondorioak bildu eta sakontzen jarraituko dute. Azaro eta abendu bitartean, auzo-txangoak burutuko dituzte, oraindik zehazteke dauden datetan, eta diagnostiko osoaren aurkezpen ireki bat ere egingo dute urtea amaitu baino lehen. Ondo bidean, 2022 urtearen hasierarekin batera proposamen fasea ireki ahal izango dute, Santuenea hobetzeko tresna izango den Auzo Plana eraikitzeko.
Galdetegia paperean erantzun nahi dutenentzat Gure Pakea atarian aukera:
- Azaroak 12, ostirala: 17:00etatik 19:00etara
- Azaroak 20, larunbata: 11:00etatik 14:00etara