Santueneko parte hartze prozesuko galdetegia betetzen laguntzeko aukera larunbatean

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 19a, 08:03

Zer nolako Santuenea nahi duten erabakitzeko auzoan abian den parte hartze prozesuaren baitan galdetegi bat osatzeko aukera dute bizilagunek. Galdetegi hau betetzen laguntzeko zerbitzua eskainiko da larunbat goizean, 11:00-13:00 artean Santuenea 12ko lokalean. Galdetegiaren ekimen honetan parte hartzeko igandera arte epea finkatua udte.

Santuenea Elkarlanean etorkizuneko auzoa eraikitzeko lanean ari da; Auzo Planaren definizioa dinamizatzeko sortutako boluntario taldeak, Usurbilgo Udalarekin eta Hiritik At kooperatibaren laguntzaz galdetegi bat prestatu dute auzoari nolabaiteko argazkia ateratzen laguntzeko. "Zer dugu hobetzeko Santuenean, epe ertaineko ikuspegian? Zeintzuk dira lehentasunak? Ba al dugu gaurdanik proposatu nahi dugun ideiarik?". Galdera hauei erantzuteko aukera izango dute auzotarrek. 

Espazio publikoaren eremuan, mugikortasunean, irisgarritasunean, zaintza, ekipamendu zein zerbitzu publikoen eremuan, edota, elkarbizitza eta auzo-antolaketaren esparruan ekarpenak erraz jasotzeko tresna da galdetegia. Noski, gai berriak proposatzeko aukera ere izango da bertan.

Galdetegia online usurbil.eus atarian, sare sozialen bidez nahiz paperean osatu ahalko da. Laguntza zerbitzua ere eskainiko dute Santuenea Elkarlanetik larunbat eguerdi honetan, azaroaren 20an, 11:00-13:00 artean, Santuenea 12ko lokalean. 

Galdetegia osatzeko azaroaren 21era arteko, hau da, igandera arteko epea egongo da. Behin galdetegiak jasota, ondorioak bildu eta sakontzen jarraituko dute. Azaro eta abendu bitartean, auzo-txangoak burutuko dituzte, oraindik zehazteke dauden datetan, eta diagnostiko osoaren aurkezpen ireki bat ere egingo dute urtea amaitu baino lehen. Ondo bidean, 2022. urtearen hasierarekin batera proposamen fasea ireki ahal izango dute, Santuenea hobetzeko tresna izango den Auzo Plana eraikitzeko.