Auzoa aztertzeko txangoak Santuenean abenduaren 2an eta 11n

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 26a, 13:34

Diagnostiko fase betean murgilduta dago Santueneako parte hartze prozesua. Santuenea Elkarlanean talde eragilea Auzo Planaren definizioa dinamizatzen ari da, eta galdetegien ostean, beste ariketa praktiko bat proposatu nahi diete auzotarrei: auzo txangoak abenduaren 2an eta 11n.

Auzoa aztertzeko bi txango egingo dituzte: galdetegian aipatutako gaietan sakonduz, auzoaren azterketa zehatzago bat egitea da asmoa. Lehena abenduaren 2an izango da, ostegunez, 18:00etatik aurrera; bigarrena, berriz, abenduaren 11n, larunbatez, 10:00etatik aurrera. Bi ordu inguruko iraupena izango du txango bakoitzak.

 

Txango horien bidez Santueneako kale eta txokoak begirada analitikoz aztertu nahi dituzte. Ordu desberdinetan jarri dituzte hitzorduak, egun argiz zein iluntzean egindako ekarpenak  jasoko dituztelakoan. Auzoaren aukerak, gabeziak eta puntu kritikoak identifikatzea da helburua, diagnostiko borobilago bat lortze aldera.