Lehen auzo txangoa egin dute Santuenean eta hurrengoa hilaren 11n izango da

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 3a, 07:29

Diagnostiko fase betean murgilduta dago Santueneako parte hartze prozesua. Santuenea Elkarlanean talde eragilea Auzo Planaren definizioa dinamizatzen ari da, eta galdetegien ostean, auzo txangoa egin zuten atzo arratsaldean. Hurrengoa hilaren 11n izango da.

Galdetegian aipatutako gaietan sakonduz, auzoaren azterketa zehatzago bat egitea da txangoen asmoa. Lehenengoan ondorio batzuk atera ostean, abenduaren 11n, larunbatez, 10:00etatik aurrera bigarrena egingo dute. Bi ordu inguruko iraupena izango du txangoak.

 

Txangoen bidez Santueneako kale eta txokoak begirada analitikoz aztertu nahi dituzte. Ordu desberdinetan jarri dituzte hitzorduak, egun argiz zein iluntzean egindako ekarpenak  jasoko dituztelakoan. Auzoaren aukerak, gabeziak eta puntu kritikoak identifikatzea da helburua, diagnostiko borobilago bat lortze aldera.