Santueneako gabonetako azoka abenduaren 18ra atzeratu dute

Noaua Aldizkaria 2021ko abe. 9a, 13:16

Gabonetako Azoka egingo dute Santuenean abenduaren 18an, arratsaldez. Hasiera batean, hilaren 11n egitekoak ziren, baina eguraldi txarraren aurreikuspenak astebete atzeratzera bultzatu ditu antolatzaileak.

Artisau azoka izango da, gabonetarako opariak edo produktuak erosi eta auzoko zein herriko artisauek euren produktuak saltzeko aukera izango dute bertan. 

8-9 bat etxolatan, auzoko artisauen produktuak jarriko dituzte salgai: pomadak, xaboiak, gantxiloz egindako produktuak, fruitu lehorrak, argazkiak eta kuadroak, diru-zorroak, loreak… Janaria ere banatuko dute: txorizoa, txokolatea, gaztainak… Denetariko postuak egongo dira azokan. Reyki saioa ere aurreikusi dute. Musika ere zuzenean jarriko dute DJ GorkaMendiren eskutik.

Bigarren eskuko produktuek ere lekua izango dute azokan, bazar solidarioan. Auzoan eta herrian hainbat pertsonak izan ditzaketen premiak asetu nahi dituzte, eta horretarako, bigarren eskuko produktuen bilketa egin dute Santuenean. Lortutako produktuak prezio txikian salgai jarriko dituzte, edonoren eskura egon daitezen. 21ean ere, San Tomas egunarekin bat, arropa eskuratzeko aukera izango da. Soberan geratzen direnak, Caritasi eskainiko dizkiete. 

GABONETAKO EGITARAUA
Urtero legez, gabonetako zuhaitzaren piztuera aurreikusi dute Santuenean. Aurten, hilaren 18an izango da. Ohi bezala, zuhaitza eta gabonetako apaingarriez josiko dute auzoa, eta arratsaldeko 18:30etan piztuko dute zuhaitza gabonei ofizialki hasiera emateko. Ekitaldi horretan izango da auzoko DJa, DJ GorkaMendi, ekitaldiari erritmoa emateko.

Hilaren 21ean, San Tomas egunarekin bat, txistorra-banaketa egingo dute auzoan arratsaldeko 18:30etatik aurrera, eta haurrek olentzerori gutunak bidali ahal izateko postontzia jarriko dute auzoan. Egun horretan ere, DJ GorkaMendi arduratuko da auzoari musikaren bidez alaitasuna ematen.  

Gabonetako ekitaldiekin amaitzeko, Olentzeroren etorrera ospatuko dute auzoan, urtero legez, bezperan, hilaren 24an.