2022ra begira

Santuenea etorkizuna marraztetik gauzatzera igaroko da

Noaua Aldizkaria 2022ko urt. 7a, 11:41

Etorkizuneko auzoa elkarlanean santuenearren artean eraikitzeko prozesua fase berri batean sartzera doa.

Hilabeteotan diagnosi modukoa diseinatu dute, talde eragile batek bultzatutako parte hartze prozesuaren baitan; bizilagunek osatu duten galdetegiekin edota berriki Santueneak dituen behar, gabezia eta aukerak behatzeko egindako txangoaren bidez.

Abenduaren 16an egin zuten saioan lehentasunak finkatzeko aukera izan zuten bizilagunek. 2022an orain arteko parte hartze prozesuan planteatu diren sei egitasmo ezberdinei heltzeko aukeraz aritu ziren: auzoko plazen berrantolaketa, auzoaren irisgarritasun plana, eskuhartze zehatzak, frontoiko lokalaren erabilera, komunitate energetikoak eta auzo koordinazioaren definizioa. Hortxe aukeran zituztenak. Batzar hartara joandakoek aukeron artean, parte hartzaile bakoitzak norberarentzat lehentasunak izan zitezkeen hiru hautatu zituen.

Babes gehien izan zuen proposamena auzo koordinazioaren proposamena izan zen, auzo elkarte bat sortzearena. Auzoko plazen lanketari heltzeko aukera izan zen bigarren bozkatuena. Eta babes handiena izan zuen hirugarren egitasmoa, komunitate energetikoen gaiari heltzea.

Hobetzekoak bai, baina bizilekuarekin gustura
Udazken honetan zehar Santueneako bizilagunek osatutako galdetegien emaitzak ere ahotan hartu zituzten urte amaierako saioan. Auzoak zer hobetu izan arren, bizi-kalitate ona dagoela nabarmentzen dute bizilagunek. Hobetzekoen artean, lehentasuntzat jotzen dute Santueneak dituen mugikortasun arazoak konpontzea. Mugikortasun hobea ere galdegiten dute, bidegorria, oinezkoen ibilbideak, ibilgailuentzako aparkaleku gehiago, autobus markesina hobetzea. Auzotar gisa, euren kabuz egin ditzaketen egitasmoak ere aipatu dira prozesu honetan zehar; haur eta gazteak auzo giroan hezteko aisialdi eskaintza sustatzea, euskalduntzea eta auzo antolakuntza bideratzea. Santueneak duen komertzioari eustea eta energia berriztagarrien bultzada ere aipagaien artean izan dituzte, haur eta helduen zaintzarako egitasmoekin batera. 2022an zehazten eta lantzen joango dira egitasmook.