Orbeldiko ur bizien kanalaz herri batzar irekia gaur

Noaua Aldizkaria 2022ko ots. 10a, 08:08

"Orbeldiko presaren eta kanalaren eragina errioan" hizpide izango duen herri batzar irekia antolatu du Anerreka ingurumen elkarteak ostegun honetarako, otsailaren 10erako.

"Orbeldiko presaren eta kanalaren eragina errioan" izeneko herri batzar irekia deitu du Anerreka ingurumen elkarteak ostegun honetarako, otsailaren 10erako 18:30etan Sutegin. "Orbeldiko ur bizkorren kanalaren planari hasierako onespena eman zaion arren, gai honen eztabaida herriratzeko saioa izango da. Oria ibaiaren natur kontserbazioa eta biodibertsitatearen berreskurapena helburu, eman beharreko urratsak aztertu eta elkarbanatzea izango da saioaren muina", iragarri du aipatu elkarteak.

Ibaien ekologian nazioarteko aditua, Artikutzako urtegia hustutzearen ondorioen ikerketaren zuzendaria eta ekologian katedradun irakaslea EHUn Arturo Elosegi eta biologoa, HUHEZIko irakaslea, Naturkoneko partaidea den Aitziber Sarobe gondidatuko ditu Anerrekak hitzordu honetara.

Udan albiste
Pasa den udako Tokioko Olinpiar Jokoak ospatu berritan, Orbeldi parean eraiki asmo dagoen ur bizien kanalaren proiektuak ika-mika eragin zuen, hedabide batek argitaraturiko artikulu baten harira. Proiektua lotua egon eta izena ere jarria ziotela zioen; olinpiar joko haietan zilarrezko domina eskuratu zuen Maialen Chourraut lasartearrarena. "Ez kanalak, ez zilarrezko dominaren distirak, ez ligukete errioa ikusten eragotzi behar. Eta errioari presa botatzea komeni zaio", zioten Anerreka Ingurumen Elkarteak eta Eguzki talde ekologistak plazaratu zuten ohar bateratuak. 

Harridura agertu zuen albiste haren harira Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak. "Harrituta gaude ur bizien kanalaren proiektuari buruz egunotan entzun eta irakurri ditugun albisteekin. Denak ari dira Usurbilgo Udalaz hizketan, baina inork ez digu deitu ezer kontrastatzeko (soilik Berriak)", adierazi zuen sare sozialen bidez. Obren hasiera 2022ko maiatzerako finkatzen zuen aipatu hedabideak baina "oraindik orain, beste administrazioek ezarritako baldintzengatik egokitu beharrekoak ez dira gutxi", argitu zuen. "Arduraz aritzeko eta errespetu instituzionala gailentzeko deia egin nahi dut", gaineratu zuen.