Santuenea Elkarlanean

Auzoari osoki eragingo dioten epe luzerako proiektuak hizpide gaur Santuenean

Noaua Aldizkaria 2022ko mar. 11a, 07:11
Irudia: Usurbilgo Udala.

Iaztik abian duten Santuenea Elkarlanean prozesuaren baitan epe luzerako proiektuez hitz egiteko bilera irekia deitu dute ostiral honetarako, martxoaren 11rako auzo elkartearen egoitzan.

Santueneak bere etorkizuna elkarlanean eraikitzen jarraitzen du. Iaztik abian duten parte hartze prozesua bigarren fasean murgiltzera doala berri eman dute sustatzaileek. Auzoa biziberritzeko egitasmoaren baitan epe motz eta luzerako proiektuak aurreikusiak dituzte, dagoeneko zerrendatuak. "Etxealdian urte hasieran egin bezala, epe motzeko lanak udal-brigadarekin egingo dituzte Santuenean ere". Esku-hartzeok non egin asmo dituzten bertatik bertara ikusten izan dira asteazken honetan, Santuenea Elkarlanean prozesuko talde eragilea eta udal ordezkaritza tekniko eta politikoa. "Lanak planifikatu eta gauzatzea izango da hurrengo urratsa", iragarri dute.

Baina hauez gain, badira epe luzeagorako auzoari osoki eragingo dioten proiektuak. Egitasmo hauek hizpide izango dituzte, ostiralean, martxoaren 11n auzo elkartearen egoitzan arratsaldeko 18:30etan Santuenea 12an deitu duten bilera irekian. "Epe luzerako lanak dira, dimentsio handiagokoak baitira: diru-iturriak lortu, proiektuak idatzi eta lizitazioak egin behar dira. Besteak beste, etxebizitzetan igogailuak jartzeko aukerez, auzoaren irisgarritasunaz, eta, oro har, espazio publikoaz hitz egingo dute". 

Gogoan izan, Udalak eta auzotarrek iaz abiarazitako prozesua Hiritik At! Kooperatiba dinamizatzen ari da. Iaz herritarrekin ekarpenekin diagnosia egin eta orain gauzatzen joango diren epe motz zein luzeagoko proiektuak multzo banatan sailkatuak dituzte.

Prozesu honi buruzko informazio gehiago eta dokumentazioa, atari honetan eskura dezakezue: usurbil.eus/eu/santuenea