Santuenea Elkarlanean

Auzo Plana aurkeztuko dute gaur Santuenean

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 10a, 10:32

Azken urtean bideratu duten parte hartze prozesuaren emaitza aurkeztuko dute gaur Santuenean.

Urtebeteko parte hartze prozesuan, Santuenea “auzoa epe ertainean nola eraldatzea nahiko lukeen landu dute”, espazioari, hirigintzari, gai sozial eta komunitarioei dagokienean, “besteak beste, espazio publikoa, mugikortasuna, zaintza eta energia gaiak landuta”. Orain arteko diagnosiaren lanketa Auzo Planean bildu eta aurkeztera doaz, ostiral honetan, ekainaren 10ean 19:30etan hasita Santueneako frontoian. Ekitaldian parte hartuko dute prozesua bideratu duten Santuenea Elkarlanean talde eragileko kideek baita Hiritik At kooperatibako kideek ere. “Epe luzera begira, auzoaren eraldaketa nolakoa izatea nahi duten adostu dute”.

Bide horretan zehar, "diagnostiko bat egin dute auzokideen artean, eta auzoarentzako proiektu estrategikoak lantzeko saio irekiak ere egin dituzte. Auzotarren artean esku-hartzeak definitu dituzte, baloratu, lehenetsi, eta udalarekin ere kontrastatu dituzte".

Dokumentuaren aurkezpenean ekarpenak egiteko aukera egongo da. Aurrera begira, Santuenea Elkarlanean talde eragilea indartu asmo dute, “besteak beste, planaren jarraipena egin eta bertan definitutako hobekuntzak egingo direla bermatzeko, beti ere, Usurbilgo Udalarekin elkarlanean”.