Santuenea Elkarlanean

"Eskerrak prozesu komunitario honetan parte hartu duzuen auzotarroi"

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 13a, 09:43

Orain arte egindako lanketagatik eskerrak ematearekin batera, aurrera begira jarri zen Usurbilgo alkatea, ostiralean Santuenean egin zuten Auzo Planaren aurkezpenean.

Orain arte bezala, auzoak "konprometituta segitzen badu, Udalak modu berean erantzungo du", adierazi zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietako iragan ostiraleko Santueneako Auzo Planaren aurkezpenean. Santueneako auzotarrak zoriondu zituen, orain arte egindako lanagatik. Zioenez, gai ezberdinei buruz "aritu zarete hausnarrean eta hizketan, nor beretik emanez eta bestearenak adi jasoz. Horregatik eskerrak eman modu batera edo bestera prozesu komunitario honetan parte hartu duzuen auzotarroi, eta nola ez, Hiritik At kooperatibari prozesu hau hain ondo dinamizatzeagatik".

Prozesu honen abiapuntua ekarri zuen gogora, duela urtebeteko aurkezpena. Ordutik, bidean egindako lanketari buruzko informazio gehiago eta dokumentazioa, atari honetan eskura dezakezue: usurbil.eus/eu/santuenea

"Zuen borondate, konpromiso eta parte hartzearekin lortuko dugu"
"Nola irudikatzen duzue 7-10 urte barru Santuenea? Nolako auzo batean bizi nahiko zenukete? Zer erronka ditu auzoak?" galdera hauei eta beste batzuei erantzuten hasi ziren duela urtebete Santuenean. 2021eko ekainerako Udalak, bizilagunak nahiz auzoko eragileek elkarlanean diseinatuko duten etorkizuneko Santueneko eraberritze plana diseinatzen hasiak ziren.

Auzo planaren nondik norakoak, eta Usurbilgo Hiri Antolamendurako Plan Orokorra (HAPO) aurkeztu zituen Usurbilgo Udalak Santueneko frontoian, prozesu hau dinamizatuko duen Hiritik At! kooperatibako ordezkaritzarekin batera.

Santuenea bizigarriago bat izatea zuten helburu. "Legealdiko planean jasota daukagu auzo guztien Usurbil eraiki nahi dugula eta helburu horrekin arreta berezia jarri dugu Usurbilgo udalerria osatzen duten herri-auzo ezberdinetan. Izan ere gure helburua auzo bizigarriak lortzea da, Kaxkoa eta auzoen artean dagoen arrakala edo egon daitekeen distantzia edo desberdintasunak gutxitzea, auzoek nortasun, ezaugarri behar eta errealitate propioak dituztelako eta horietan arreta jartzen ari gara, auzoetako bizi kalitatea eta auzoetan bizi diren herritarren ongizatea hobetzeko asmoz", zioen Santueneko aurkezpen ekitaldian, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak.

Pandemia aurretik auzoko eragileekin bilduta, hirigintza lan zehatz batzuetatik haratago Santueneak dituen behar anitzei osotasun batean erantzungo zien egitasmo bat bideratzeko proposamena mahai gainean jarri zutela oroitu zuen alkateak. "Hor aritu ginen auzo honek dituen hutsune, gabezia edo konpondu beharrekoen inguruan hausnartzen, eta horiek nolabait konponbidean jartzen. Baina Santueneari begira beste erronka bat jarri genuen mahai gainean", zioen atzo alkateak; "auzo plan bat osatzeko erronka eta asmoa plazaratu genuen". 

Santuenean abiatzera zihoazen prozesuaren bidez, "ez dugu dudarik, balioko duela auzoko sare komunitatea indartzeko, belaunaldi arteko harremanak sortzeko edo daudenak indartzeko". Ezinbestekotzat jotzen zuen Udalak abiatu berri zuten egitasmoa, "auzoaren kohesio sozialean, eta batez ere bizikidetzan eragiteko". Udalarentzat gainera "lan-tresna bat izango da, hurrengo urteetarak bide-orri moduko bat, auzoan egin behar diren eskuhartzerako gida lerro nagusiak finkatuko dituenak".

Udaletik argi zuten, santuenearrei zuzenduta ziotenez, "zuen borondate, konpromiso eta parte hartzearekin lortuko dugu". Urtebeteren ostean lortu dutela esan liteke.