Santuenea Elkarlanean

Talde eragilea, jarraipen taldea aurrerantzean

Noaua Aldizkaria 2022ko eka. 13a, 09:44

Santuenearen etorkizuna marrazteko lanean jardun den talde eragilea desegin eta jarraipen taldea osatuko dute auzoan, Auzo Plana garatzeko irekiko den etapa berrian.

Auzotarrak izan dira Santuenearen etorkizuna eraikitzeko protagonistak. Urtebeteko parte hartze prozesuaren baitan, lanean aritu da talde eragile bat. "Talde horren funtsa zen batez ere, prozesu hau ezagutzera ematea, proposamenaek biltzea", Santueneako Auzo Planaren ostiraleko aurkezpenean taldeko ordezkariek berri eman zutenez.

Eraldatu egingo da orain talde eragilea. "Desegin egingo da", iragarri zuten. Jarraipen batzordean bilakatuko dute. Aurrekoa bezala ordea, irekia egongo da eta "bakoitzak nahi duenean etor daiteke". Jarraipen taldearen helburua, Santuenean orain arte jorraturiko bideari segida ematea izango da. Aurreikusitako egitasmoak bideratzen ari direla bermatzea, eta "ikusten eta hausnartzen joatea zer behar dauden eta behar horiei ere erantzuten joatea".

Urtebeteko lanketa
Fase ezberdinetan banatu dute azken urte honetako lanketa eta prozesuan zehar eragiten aritu da albiste honetan aipagai dugun auzotarren taldea. Iazko ekainean Auzo Plana lantzeko egiatsmoa aurkeztu ostean, udazkenean zehar partehartze prozesua abiatu zuten. Galdetegiak betetzeko aukera izan zuten Santueneako bizilagunek. Gerora zenbait txango egiteko aukera ere bai auzoan barrena, Santueneak izan ditzakeen indarguneak nahiz hobetu beharrekoak identifikatzeko. Udazkenean zehar bildutako ekarpen eta informazioaren emaitza abenduaren 16an aurkeztu zuten.

Bertan, lehentasunak finkatzeko aukera izan zuten bizilagunek. 2022an orain arteko parte hartze prozesuan planteatu diren sei egitasmo ezberdinei heltzeko aukeraz aritu ziren: auzoko plazen berrantolaketa, auzoaren irisgarritasun plana, eskuhartze zehatzak, frontoiko lokalaren erabilera, komunitate energetikoak eta auzo koordinazioaren definizioa. Hortxe aukeran zituztenak. Batzar hartara joandakoek aukeron artean, parte hartzaile bakoitzak norberarentzat lehentasunak izan zitezkeen hiru hautatu zituen.

Babes gehien izan zuen proposamena auzo koordinazioaren proposamena izan zen, auzo elkarte bat sortzearena. Auzoko plazen lanketari heltzeko aukera izan zen bigarren bozkatuena. Eta babes handiena izan zuen hirugarren egitasmoa, komunitate energetikoen gaiari heltzea.

Hobetzekoak bai, baina bizilekuarekin gustura
Udazkenean zehar Santueneako bizilagunek osatutako galdetegien emaitzak ere ahotan hartu zituzten urte amaierako saioan. Auzoak zer hobetu izan arren, bizi-kalitate ona dagoela nabarmentzen dute bizilagunek. Hobetzekoen artean, lehentasuntzat jotzen dute Santueneak dituen mugikortasun arazoak konpontzea. Mugikortasun hobea ere galdegiten dute, bidegorria, oinezkoen ibilbideak, ibilgailuentzako aparkaleku gehiago, autobus markesina hobetzea. Auzotar gisa, euren kabuz egin ditzaketen egitasmoak ere aipatu dira prozesu honetan zehar; haur eta gazteak auzo giroan hezteko aisialdi eskaintza sustatzea, euskalduntzea eta auzo antolakuntza bideratzea. Santueneak duen komertzioari eustea eta energia berriztagarrien bultzada ere aipagaien artean izan dituzte, haur eta helduen zaintzarako egitasmoekin batera.

Martxoan bigarren fasean murgildu zen parte hartze prozesua. Auzoa biziberritzeko egitasmoaren baitan epe motz eta luzerako proiektuak aurreikusiak eta zerrendatuak zituzten. Epe luzeagokoak, auzo osoari eragitekoak diren proiektuak hizpide izan zituzten urte honetan zehar egin dituzten parte hartze saioetako batean.