Santueneak etorkizunerako Auzo Plana eskuartean du jada. Ostiralean aurkeztu zuten bidelagunen, auzotarren artean; bertako bizilagunak, Usurbilgo Udalak eta Hiritik At kooperatibak bideraturiko partehartze prozesuak ahalbidetu du eta lanketa osoa.
Auzo Plan honen diseinua auzotik bertatik sortu da. Abiapuntua iaz udazken partean egindako galdeketak izan ziren. 73 bizilagunek parte hartu zuten. "Hasieran ez genekien planteamenduak zentzua zuen edo ez, baina poliki-poliki eta batez ere etengabe auzokideen babes eta engaiamenduarekin, uste dugu iritsi garela nolabait, epe ertaineko plan mamitsu eta eraginkor bat formulatzera", nabarmendu zuten Auzo Planaren aurkezpenean prozesua dinamizatu duen Hiritik At kooperatibako ordezkariek.
Auzo Planaren nondik norako nagusiak lerrootan dituzue. Auzo Plana eskutan, orain ekarpenak jasotzeko epea zabalik izango dute Santueneako bizilagunek.
Mugikortasuna
Oinezkoak lehenetsi nahi ditu Auzo Planak, eta haientzat espazioa berreskuratzeko autoen joan etorrien eta aparkatzeko guneak berrantolatzea proposatzen dute. Horretarako aparkalekua sortzea planteatzen dute, etxebizitza multzoa amaitzen den zonaldean, San Esteban aldera igotzeko errepidearen ondoko magalean, eta auzo barruko zenbait espazio kotxez hustutzea; besteak beste, eskubaloi plaza aldera doazen kaleak ibilgailuen joan etorrientzako are gehiago mugatu eta oinezkoei lehentasuna ematea. Ibai ondoko pasabidea, Txokoalderekin lotzen duena, oinezko eta bizikletentzako pasabidea izatea nahi dute, eta Zubieta aldetik etorriko litzatekeen bidegorriak eremu honetatik jarraipena izatea.
Aipatu moduan, oinezkoak lehenetsi nahi ditu Santueneako Auzo Planak, eta oinezkoen segurtasuna. Ibilgailuak igaro daitezkeen kaleetan zenbait lekutan zoladura aldatzea ere proposatzen dute, oinezkoen segurtasunerako, eta auzoa zeharkatzen duen kale nagusietako bat, Ibai Ondo elkarte ondotik igarotzen dena, egun noranzko bakarra duena, bikoa izatea etorkizunean.
Autobus zerbitzuen zeharbide ere bada Santuenea. Aialde Berri ondoko markesina lekuz aldatzea ere proposatzen dute. Zubieta alderako bidea hasten den zonaldera hain zuzen eta bidearen alde banatan markesina bana eraikitzea.
Irisgarritasuna
Auzo bizigarriagoa bilakatzeko bidean, etxeen azterketa bat egin dutela aipatu zuten Hiritik At kooperatibakoek. "Gure planean txertatu dugu". Bi kontu nabarmendu zituzten; batetik, etxeen arteko pasabideak irisgarri bilakatzea eta bizileku guztiek igogailua jartzeko aukera ere izatea.
Ekipamenduak
Frontoi ondoan dagoen lokala biltegi moduan erabiltzen dute egun. Inguruari beste erabilera bat ematea ere proposatzen dute, frontoi ondokoa "zaintzen plaza" izatea, aire librean kirola egiteko parke txiki batekin. Eta lokalei dagokienez, beheko zatia auzotarrentzako izatea, eta goikoa udal ekipamendu gisa baliatzea. Santuenea gainera, erriora proiektatzea, irekitzea ere galdetegietan egin den proposamenetako bat izan da. Hala, auzora sartu eta eskubitara biratzen dugunean Txokoalde aldera jotzeko, bide horretan, erriberan, Oria ertzeko lurretan parke bat egokitze asmoa ere aipatu zuten ostiraleko aurkezpenean. Eremu horren erabilera, auzotarren jarraipen batzordean zehaztu nahi dute.
Azkenik, bizilekuen arteko irisgarritasuna hobetzeko pasarelak egitea ere proposatu da. Espazio hauen buelta itxita, biltegiak sortuko lirateke, etxeetan egon daitekeen espazio faltari aurre egiteko.
Auzo ekonomia
Santueneako jarduera ekonomikoei eustea da beste erronketako bat. Egun auzoak saltoki bat du, galdu ezintzat jotzen dutena. Itxiera arriskua egongo balitz, egoera horri begirako neurriak hartzea ere proposatzen dute.
Trantsizio energetikoa
Hiru lan-ildo jorratu nahi dituzte arlo honetan: bizilekuen fatxaden efizientzia energetikoa hobetzea, led argiteria publikoaren sarea osatzea, eta auzoa bera energia komunitateen egitasmoan sartzea, instalakuntza fotovoltaikoen bidez.
Espazio publikoa
Ekipamenduen atalean aipaturikoari berriz helduta, frontoiko ondoko eremua, "zaintzen plaza" deiturikoa Santuenea erdigunearekin gehiago lotzea litzateke, eskuartean duten beste erronketako bat. Lotunea estutzeko ekipamendu publikoak, haur parkea eta komun publikoak aipatu zituzten. Baina aurtengoan, hurrengo hilabeteetan bereziki beste espazio bat izango dute hizpide nagusi Santuenean; eskubaloi plaza. Urtebeteko parte hartze prozesuan zehar, gaiak eztabaida piztu duela adierazi zuten ostiraleko Auzo Planaren aurkezpenean. Dagoen moduan utzi behar ote den, eskuhartzerik egin bai edo ez... Horri begira, galdeketa bat antolatzea proposatu dute. Galdeketa bera abenduan egingo lukete, urtea amaitu aurretik. Udazkena galdera bera definitu eta lantzeko baliatzea proposatu dute, helburu argi batekin; eskuhartzerik egin behar den edo ez erabakitzeko. Erantzuna ezezkoa balitz, dagoen moduan utziko lukete eskubaloi kantxa. Baiezkoa balitz, zer nolako erabilera eman definitu beharko lukete.