Jolasak eta afari-merienda ikasturte berriari harrera egiteko Santuenean

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 2a, 08:18

Uda osteko topaketa honekin ekingo diote ikasturte berriari larunbat honetan, Santuenean.

Oporren amaierari eta 2022-23 ikasturte berriari ekiteko musikaz giroturiko arratsaldea iragarri du Santuenea Kultur Elkarteak larunbat honetarako, irailaren 3rako. Arratsaldeko 18:00etan hasita, haur jolasak antolatu dituzte, eta "ikasturte hasierako afari-merienda", Usurbilgo Udalaren laguntzaz.

Hilabete bizia auzoan
Modu honetan ekingo diote ikasturte berriari Santuenean, baita bereziki bizia den hilabeteari ere. Hiru urteren ostean, ohiko jaiak itzuliko dira auzora, irailaren 16tik 18ra. Aurrez pala txapelketarekin abiatuko dituzte ospakizunak. Kanporaketa saioak hilaren 11n izango dira, eta finala festak hasi bezperan, lau egun beranduago, irailaren 15ean. Hortik aurrera, ekintzez beteriko asteburu pasa auzoan; haurrei zuzenduriko jolas, tailer, buruhandi edota txokolate janarekin. Auzotarrak bilduko dituen herri bazkariarekin.

Hainbat dastaketa saio ere itzuliko dira Santueneara; piper edota sardina janak. Eta zenbait ekintza berri ere bai; karro-kalejira, magia ibiltaria edota "balkoi premiyua" ekimenak. Gauak hainbat DJ saioek girotuko dituzte aurtengoan. Eta eguna beste hainbeste txapelketek; mus, patata tortila, toka eta igel lehia saioek. Egunez eguneko ekintzen berri, web orrialde honetako "Agenda" atalean duzue.

Baina badira ekimen gehiago ere iragarriak Santuenean, abiatzear dugun irailerako. Hainbat ikastaroren jarraipena iragarri dute: aeroyoga, yoga eta joskintza tailerrena. Eta bueltan datorren 19. Argazki Lehiaketa ere antolatu dute, "Santueneko festak" gaitzat hartuta.