Santueneko jaiak

Blai eta jendetsua, festen hasiera

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 17a, 09:23

Busti-busti eginda hasi zituzten aspaldi jendetsuenak izan diren Santueneko festak.

Santuenea jai giro betean da hiru urteren ostean. Eta goitik behera busti-busti eginda, blai ekin diete festei. Sustrai sakonak ditu eta auzotarren arteko globo gerrak. Eskaintza indartu dute auzoko jaien itzuleran; haurrentzako ur-jolasak programatu zituzten baita; arrantzan ibiltzeko aukera izan zuten, edota kalean behera jarritako plastikoan irrist eginez gogotik gozatu zuten.

Tartean, balkoiak izan ziren jaien hasierako protagonistak. Santueneko hamarnaka balkoi daude apainduak. Ikusteko modukoak dira; zenbaki batekin ageri dira mozorrotuak. Denak igande arratsaldeko lehiarako prest; balkoi apainena sarituko baitute. Mozorrotutako balkoi hauetatik jaurti zuten hiru urteren ostean festa auzora ekarri duen txupinazoa. Auzotarrei eskerrak eman eta ongi pasatzeko gonbita luzatuz murgildu ziren globo-gerran. Eskubaloi zelaian bildutako belaunaldi ezberdinetako auzokide eta herritarrak blaitu zituzten. Baita plaza ingurura ikus-entzule gisa gerturaturikoak ere. Adi egon behar izan zuten, urez betetako globo bat edo beste saihesteko.

Deabruarekin kalejiran
Indarrak berreskuratzeko tartea izan zen gero, jaietan ohi denez, Tragoxkan zerbitzatzen duten txokolate gozoarekin. Aspaldi ikusi gabeko ilara osatu zen, edari gozoa agortzeraino. Jendetsua izan baitzen festen hasiera Santuenean, aspaldiko jendetsuena.

Eta lehen aipaturiko balkoien antzera, auzokide asko ere festetarako mozorrotu ziren. Mozorrotzeko eguna baitzen atzo, eta Santueneko jaien irudi bilakatu duten deabruarekin poteo mozorrotua ospatu zuten auzoko tabernetan barrena. Bitartean, gaztetxoenak bizi-bizi ibili ziren buruhandiengandik ihesi.

Festa giroa abiarazi baino ez dute egin Santuenean; haurrei zuzenduriko egun nagusia larunbat honetan.


SANTUENEKO JAIAK
Irailak 17, larunbata: Ume eta Kuadrilen Eguna
11:00 Familia jolasak.
12:00 KilkerBand txaranga.
13:00 Buruhandiak.
13:30 Haur bazkaria (norberak ekarria, bertan edaria eta postrea banatuko dira).
15:30-16:00 Muserako izen-ematea.
16:00 Mus txapelketa.
16:00 Haurrentzako tailerrak.
17:30 Kuadrila jolasak.
17:30 Txokolatada Zaharren Egoitzan.
19:00 Sardina jana.
19:00 Buruhandiak eta txarangak: KilkerBand txaranga.
21:30 Pottotte elektrotxaranga.
00:00 DJ gaua: Dusaint eta Inkilt; Hainar.

Irailak 18, igandea: Jubilatuen Eguna
9:00 Esnadeia.
11:00 Zirku tailerra.
11:00 Toka eta igel txapelketak.
12:00 Hamaiketakoa Tragoxkan eta Zaharren Egoitzan.
12:00 Zanpantzarrak.
14:00 Auzo bazkaria. Txartelak Zaharren Egoitzan, Tragoxkan, Aitzagan eta Artzabalen salgai.
18:30 Asier Kidam: magia poteoa.
18:30 Buruhandiak.
19:00 Piper dastaketa.
19:30 Balkoi apaintze lehiaketako saridunak.
21:00 Festen amaierako traka.

Irailaren 30era arte
Argazki lehiaketa: "Santueneako festak".

Antolatzailea: Santueneko Jai Batzordea.