Santueneko jaiak

Patata tortilla txapelketa arrakastatsuarekin, auzo afari ederra bart

Noaua Aldizkaria 2022ko ira. 17a, 09:16

Arrakastatsua suertatu zen Santueneko jaietako patata tortilla txapelketa eta txapelketa osteko afaria.

Giro ederra Santueneko jaietako lehen arratsaldean. Aspaldiko hasiera jendetsuena bizi izan zuen auzoko festen itzulerak eta afalorduan ere nabaritu zen. Jai Batzordeak bi urteko etenaldiaren ostean berreskuratu duen ohiko formatuan hainbat berrikuntza txertatu ditu; tartean, auzotarren afarian bilakaturiko patata tortilla txapelketa.

Dozenatik gora tortilla lehiatu ziren, ostiral arratsaldeko poteoaren amaieran. Epaimahaiak ez zuen lan erraza izan, luze-zabal aritu zen plater guztiak dastatzen. Bakarra izan zen ordea txapelduna; epaimahaiko kideekin batera ondoko irudian ageri den Manu Rios.

Txapelketa auzo afarian bilakatu zuten gero. Etxean sukaldatu eta frontoira eramandakoak aukera ederra eman zien auzotarrei elkarrekin festetako lehen otorduaren bueltan biltzeko. Eta bat baino gehiago mozorrotuta, mozorrotzekoa baitzen Santueneko festen itzulerako lehen eguna.