Santueneko herri galdeketari lotutako dekretua argitaratu du Udalak

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 7a, 08:45

Abenduaren 17an Santuenean ospatuko den herri galdeketari lotuta urriaren 28ko osoko bilkuran udalbatzak onarturiko dekretuaren iragarkia kaleratu du Usuriblgo Udalak astelehen honetako, azaroaren 7ko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean (GAO).

Gogoan izan, etorkizuneko Santuenea diseinatzen ari dira iaztik auzokideak, Usurbilgo Udalarekin eta abian jarritako parte hartze prozesua dinamizatzen ari den Hiritik At kooperatibako kideekin. Testuinguru honetan jaio zen Santuenea Elkarlanean. Bide honetan, Auzo Plan bat osatu dute, besteak beste auzoak aurrera begira dituen irisgarritasun, berde gune, mugikortasun, energia eraginkortasun, zaintza edota espazio publikoaren arloko erronkekin. Ordu asko lanean igaro dituen talde eragile bat sortu zuten, hainbat bilera ireki egin ere bai auzokideekin, “Santuenea hobeagoa eta biziagoa helburu”.

Elkarlanetik eta akordioaren bidetik landu duten auzo plan bat izan da, baina bazen etorkizunean zer egin ados jarri ezin zuten gai bat; Santueneko eskubaloi kantxa. Ez dute ukitzerik nahi auzo identitateari eutsi eta funtzio bat betetzen dutela uste dutelako. Gaiak eragindako desadostasuna tarteko, auzotarrei iritzia eskatu eta galdeketa bat elkarlanean antolatzea proposatu zioten Usurbilgo Udalari. 

Urriaren 28ko osoko bilkuran Santuenea Elkarlanean bilgunetik proposatutako galdera, auzo galdeketa bideratzeko zehazturiko prozedura administratiboa eta galdeketan erabiliko diren boto-orri eta gainerako agiri ofizialak onartu zituzten.

Auzoak izan dezala azken hitza orain; abenduaren 17an izango da. Santuenearrek bozken bidez erabakitakoa loteslea izango dela iragarri zuten urriaren 27ko udalbatzarrean. Udalak auzokideek erabakitakoa errespetatzeko konpromezua hartzen du, “dagozkion erabakiak hartuta”.

Alkatearen esanetan, galdeketa honek “beste auzo eta gaietara zabaltzeko bide bat zabaltzen du” etorkizunari begira.

Galdeketari buruzko xehetasunak
Galdera:
Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak
txikitu behar badira?
Bai/Ez/Zuri

Bozketa eguna:
2022ko abenduak 17, larunbata.

Bozketa ordua:
10:00-20:00.

Bozketa lekua:
Santueneako Kultur Elkartea (mahai bat).

Aurretiazko bozka:
Abenduak 13 (asteartea), 9:00-14:00 artean udaletxeko idazkaritzan eta 16:00-20:00 artean Santuenea Kultur Elkartean.

Mahai eta hauteslekuaren zerrenda:
Auzo galdeketaren deialdia egiten den egunetik zenbatzen hasita seigarren egunean iragarki oholean jarriko da. Hurrengo sei egunetan erreklamazio epea zabalduko da.

Errolda:
Udal erroldatik hartutako datu eguneratuak baliatuko dira.

Bozka eskubidea:
Santuenea auzoan erroldatuak dauden 16 urtetik gorako herrikideek (2006ko abenduaren 17an edo lehenago jaiotakoek), “betiere 2022ko urriaren 15a edo lehenagotik Santuenean erroldatuak mbadaude”.

Kanpaina:
Abenduaren 1eko gauerditik abenduaren 15eko gauerdira arte. Udalaren kanpainak izaera instituzionala izango du: auzo galdeketaren inguruan informatuko du. Eta kanpainako ekintzak doan egiteko Santueneko udal lokala eta frontoia utziko ditu doan, panelekin batera.

Bozketa eguna:
Abenduak 17, larunbata:
9:30 Mahaiaren eraketa mahaiburu, mahaikide eta ordezkoekin. Mahaia mahaiburuak eta bi mahaikidek osatuko dute. Mahaiburua udal idazkaria izango da eta lehen mahaikidea udal langile bat. Bigarrena eta haren ordezkoa herritar bolondresen artean zozketa bidez hautatuko du udalbatzak, 65 urteko azpiko errolda osatzen dutenen artean. Urriaren 31tik azaroaren 15era borondatez izena emateko zerrenda irekiko da.
10:00-20:00 Bozketarako tartea. Mahai eta kabina bana egongo da gutun-azal eta boto-orri ofizialekin. Bigarren mahaia bozketarako izango da. Bozkatzeko nork bere burua identifikatu beharko du agiriotako batekin: nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimena. Agiri horiek iraungita egon arren onartu egingo dira, baina jatorrizkoak izan beharko dute. Fotokopiarik ez da onartuko.
20:00 Bozkatzeko aukeraren amaiera. Aurretiaz bozka eman dutenen gutun azalak boto-kutxan sartu eta hala badagokio, mahaikideek bozkatu ostean, bozketa amaitutzat emango dute eta boto zenbaketari ekingo diote. Zenbaketa jendaurreko ekitaldian egingo da. Amaieran emaitza ezagutzera emango da.

Emaitza:
Bozketa egunean bertan plazaratuko da. Udalak kontsultaren emaitza errespetatzeko konpromezua hartzen du, dagozkion erabakiak hartuta.