Irteera eta tailerrak asteotan Santuenean

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 16a, 08:13

Abenduaren 17ko auzo galdeketaren aurretik, aisialdira begirako hainbat ekimen antolatu ditu Santuenea Elkarteak azaroko bigarren hamabostaldi honetarako.

Hamaika ekimen iragarri zituen Santuenea Elkarteak 2022ko azken txanpa honi begira. Hilabetea xakean jolastuz hasi zuten, Jose Luis Guijarro Gipuzkoako xake txapelketan bost aldiz txapeldun izandako auzotarrarekin. Urte amaierara arte 6 saio egingo dituzte. Pottoka eta kanpo jolas hainbatetan entretenitu ziren azaroko lehen igandean auzoko eskubaloi pistan. Irteera eta tailer gehiago iragarri ditu asteotarako Santuenea Elkarteak, bilguneak Santuenea 12an duen egoitzan.

SANTUENEKO EKINTZAK
Azaroak 18, ostirala
17:30
Tailerrak auzo elkartearen egoitzan:
-Kosmetika naturala: 10 euro (7 euro elkarteko kideentzat).
-Gabonetako gozogintza: Azaroaren 18an eta 25ean. Prezioa: 10 euro (7 euro elkarteko kideentzat, 2 euro adingabeentzat).

Azaroak 27, igandea
10:30
Ibilaldia Santuenea inguruak ezagutzeko auzoko ludotekatik abiatuta, San Estebanetik gorako norantzan.
Arratsaldean, haurrentzako pelikula auzo elkartearen egoitzan.

Antolatzailea: Santuenea Elkartea.

Auzo galdeketa ate joka
"Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak
txikitu behar badira?". Hortxe abenduaren 17an Santuenean iragarri duten auzo galdeketan bizilagunek bozka bidez erantzun ahalko duten galdera. Auzoaren etorkizuna diseinatzeko Santuenea Elkarlanean bilgunetik proposatu da galdeketa, azken urtean egin duten prozesuaren baitan, eskubaloi zelaiaren etorkizunak auzotarren artean eztabaida piztu ostean. Urriaren 28ko osoko bilkuran Santuenea Elkarlanean bilgunetik proposatutako galdera, auzo galdeketa bideratzeko zehazturiko prozedura administratiboa eta galdeketan erabiliko diren boto-orri eta gainerako agiri ofizialak onartu zituen Usurbilgo Udalak. Datozen asteetan, abenduaren 17ko hitzorduari begirako hainbat deialdi izango dira.