Ekitaldiz gainezka dator abendua Santuenean

Santuenean ekitaldiz beteta dator abendua Gabonetako ekintzekin, bai eta beste hainbatekin ere. Abenduaren 4tik 9ra, Gabonak baino lehen motorrak berotzen hasiko dira auzoan, eta horretarako, Ludotekako lokalean tailerra egingo dute Gabonetako apaingarriak eta marrazkiak prestatzeko. Hilaren hasieran, Olentzero ere jarriko dute auzoaren sarreran dagoen parkean.

Aurten ere, Gabonetako Azoka Txikia izango da auzoan, abenduaren 17an. Goizean irekiko dute azoka, joan zen urtean bezala, Santuenea Elkartearen aurrean dagoen kalean. Auzoko artista eta dendariek euren produktuak jarriko dituzte salgai edo erakusgai eta, bigarren eskuko produktuen karpa ere bertan egongo da joan zen urtean bezalaxe. Azoka egiten duten bitartean, jolasak eta tailerra egongo dira plazan haurrentzat. Xake ikastaroan aritu direnek ere izango dute euren espazioa azokan, plazako mahaietan elkarren aurka partidak jokatuko baitituzte. Arratsaldean, DJMendik hartuko du azoka eta inguruak girotzeko lana. 18:30etatik aurrera, Gabonetako kantak jarriko ditu Gabon giro horretan murgiltzeko eta Gabonetako zuhaitza piztuko dute. Olentzeroren buzoia ere bertan egongo da haur eta gaztetxoek ikazkinari idatzitako gutunak uzteko.

 

Abenduaren 21ean, San Tomas egunarekin bat, otarren zozketa egingo dute eta txistorra jateko aukera ere izango da auzoan. Egun horretan, baserritar jantziarekin agertzeko deia egin dute Auzo Elkartetik. Egun horretan ere, girotze lanaz arduratuko da DJMendi.

 

Abenduko agenda ixteko, Olentzero auzoan izango da hilaren 24an, baina oraindik zehazteke daude ordua eta ikazkinak auzoan egingo dituen ekimenak. 

 

Azaroaren 27an

Iganderako, ibilaldia antolatu dute elkarteko kideek Santuenea eta inguruko bazterrak ezagutzeko. Urdaiagatik gorako norantzan egingo dute ibilaldia, baina Ludotekan elkartuko dira goizeko 10:30etan bidea bertatik abiatzeko. Arratsaldean, haurrentzako pelikula bat jarriko dute elkarteko egoitzan. Musutruk izango dira bi ekimenok.