Auzo galdeketa

Atzeratu egin dute Santuenean gaurko antolatua zuten solasaldia

Noaua Aldizkaria 2022ko aza. 29a, 15:55

Hitza hartzeko girotze betean dira Santuenean. Auzo galdeketa deitu dute abenduaren 17an, eskubaloi kantxarekin zer egin erabakitzeko. Galdeketara bidean antolatu dituzten hitzorduen artean gaurko solasaldia deitua zuten. Atzeratu egin dute ordea. Eguna zehazteke dute.

Larunbat eguerdian parte hartzera deitzeko argazkia atera zuen auzotar talde batek. Osteguneko udalbatzarrean, galdeketa egunean bozka emateko gunean izango diren mahaikideak izendatu zituzten. Mahaiburua udal idazkaria izango da, lehen mahaiburua edo "bokala" udal idazkaritza administrazioko langilea. Bigarren bokala hautatzeko boluntarioei, auzotarrei egin zitzaien deia. Deialdira Santueneako bi bizilagun aurkeztu ziren. Zozketa bidez erabaki zuten bigarren mahaiburua, eta bestea bere ordezko izendatu zuten. Gogoan izan, hilabete lehenagoko udalbatzarrean onartu zuten galdeketa honi lotutako prozedura administratiboa, tartean, baita Santueneak erantzun ahalko duen galdera ere: "Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?".

Santuenearrek beraz, azken urtebete pasatxoan Auzo Plana diseinatzeko jorratu duten bidean erabaki dituzten eskuhartzeen bidez, auzo erdigunea berrantolatzeko eskubaloi kantxa neurriz txikiagotzearen alde dauden edo ez erabakitzeko aukera izango dute hilaren 17an. Gai honi buruzko behar beste informazio izateko, erakusketa inauguratu zuten asteazkenean. Abenduaren 15era arte izango duzue ikusgai, Santueneko jubilatuen elkartean. 

Desadostasunak eragindako galdeketa
Galdeketa honen testuingurua azaltzen du erakusketak baita baiezko zein ezezko bozka emateko izan daitezkeen argudioak. Gogoan izan, azken urtebetean etorkizuneko auzoa eraikitzeko bideratu duten parte hartze prozesuan hainbat eskuhartze adostu dituzte, baina eskubaloi kantxarekin zer egin, horren inguruan desadostasunak sortu dira. "Zenbaitek uste du eskubaloi kantxa auzoaren ondare ukiezina dela eta neurriei dagokionez bere horretan mantendu beharra dagoela. Beste auzokide batzuen ustez ordea, Auzo Planak aukera berriak ireki dizkio auzoari, hala nola, ibaiarekin lotura, ibai parkea edota plaza berri baten aukera erabilera berriekin. Aukera horien garapena ez da bateragarria eskubaloi kantxaren neurriekin eta zentralitatearekin eta horregatik kantxaren neurriak txikitzearen alde azaldu dira zenbait".

Horren harira, auzo galdeketa hau egitea planteatu zuten. Udalari proposamena egitearekin batera, besteak beste, galdera definitzeko hiru lan saio egin zituzten Santueneako prozesuan parte hartu zuten bizilagunek udazken hasierara arte.

Eskubaloi partida historikoen kantxa
Ibilbide horri buruzko xehetasunak, eta kantxarekin zer egin dauden aukeren berri jasotzen du egunotan zabaldu duten erakusketak. Batetik, auzoari nortasuna eman dion kantxaren historiaren errepasoa egiten du. Orduko herriko eskubaloi taldeek neurketak jokatzeko kantxarik ez zuten, herritik kanpora joan behar izaten zuten. 60. hamarkada amaieran Santuenean erabaki eta auzoaren etorkizuna marrazteko prozesua dinamizatzen ari den Hiritik At kooperatibako ordezkariek erakusketaren irekieran azaldu zuten moduan, ordura arte Kaxkotik urrun zen auzoa herriarekin estuago lotzea eragin zuen. 

1990. urtean azken neurketa jokatu arte, hainbat une historiko eta zirraragarri bizi izan ziren auzoko kantxa honetan; erakusketaren irekieran oroitu zuten moduan, taldea bigarren nazional mailara igo zen unean bezalaxe. Baina euritan lehenik eta gerora estali gabeko kantxa batean jokatzea eragotzi zitzaien. 90. urtean azken partida jokatu zenetik, bestelako ospakizun eta txapelketetarako baliatu izan dute. Auzotarren bilgunea izan da.

Kantxa ez dute kenduko
Eskubaloi kantxaren etorkizunaz erabakitzeko unea heldu da. Ibilbide luzeko eremua bere horretan utzi edo tamainaz txikiagotu, auzotarrek azken urtebetean erabakitako eskuhartzeei bide emateko. Erantzuna ezezkoa balitz, "eskubaloi pista ez litzateke ukituko baina kanpo ingurua konponduko litzateke".

Baiezko erantzuna nagusituko balitz, hurrengo urtean eremua berrantolatzea zehazteko bi parte hartze saio egingo dituzte. "Saio horietan erabakiko dugu nola lotu auzoa ibaiarekin, ze plaza mota behar dugun,  kirol-guneen dimentsioak, espazioaren izaera eta erabilera berriak...". Erakusketan egin daitezkeen zenbait eskuhartze proposatzen dira, Auzo Planean jasoak dauden beharrei erantzutera bideratuak; gaztetxoentzako egoteko txokoak, kota aldaketa, ibaiarekin lotura berreskuratzeko aukera ezberdinak, garai bateko espazioa irudikatzeko oroimen gunea... Halere argi utzi dute, galdeketan baiezkoa edo ezezkoa nagusitu, kirol ekipamendu hau ez da desagertuko.

Eta galdeketaren erantzuna, dena dela ere, loteslea izango da. Herriak emandako hitza errespetatuko dela argi utzi nahi izan dute hasieratik.


Datozen deialdiak
Abenduaren 15era arte
Erakusketaren Santuenea 11, Zahar Etxea, atzeko aretoan.

Abenduak 1-15
Kanpaina.

Abenduak 13, asteartea
Aurretiaz bozkatzeko aukera, 9:00-14:00 artean udaletxeko idazkaritzan eta 16:00-20:00 artean Santuenea Kultur Elkartean.

Abenduak 17, larunbata
10:00-20:00 Auzo galdeketa:
Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira?
Bai/Ez/Zuri

Antolatzailea: Santuenea Elkarlanean.