Galdeketa

Santuenea, aste erabakigarrian

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 12a, 07:45

Larunbateko auzo galdeketari begira dira Santuenean. Aurrez bozkatzeko aukera izango dute asteartean; gaur hitzordu horri lotutako solasaldia.

"Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?". Hortxe abenduaren 17rako antolatu duten auzo galdeketan auzoko bizilagunek erabaki ahalko dutena. Kantxa dagoen bezala utzi edo neurriz txikiagotu azken urte eta erdiko parte hartze prozesuan osatu duten Auzo Planeko eskuhartzeei bide emateko, auzoa berrantolatzeko. 

Galdeketaren testuingurua edota baietz edo ezetz bozkatzeko argudioak biltzen dituen erakusketa ikusgai duzue Santueneko jubilatuen elkartean. Azaroaren egitekoa zuten solasaldia astelehen honetan, abenduaren 12an egingo dute, arratsaldeko 18:30etan.

Bihar, hilaren 13an bestalde aurretiaz bozkatzeko aukera egongo da. 16 urtetik gorako eta auzoan erroldatutako pertsona guztiek hartu ahalko dute hitza. Galdeketaren emaitza loteslea izango da, hau da, Santueneko bizilagunek erabakitakoa errespetatuko da. Erantzuna edozein dela ere, auzoak eskubaloi kantxa izaten segiko du. 

Santueneko bizilagunak bozkatzera animatzeko albiste honi atxikitako bideoa ekoitzi du auzotarrekin Usurbilgo Udalak.

Larunbateko auzo galdeketa egunez, gabon giroko ospakizunak iragarri dituzte; azoka, musika, zuhaitza piztea, Olentzerorentzako gutun bilketa....

SANTUENEKO GALDEKETARI LOTUTAKO DEIALDIAK
Abenduaren 15era arte
-Erakusketa Santuenea 11, Zahar Etxea, atzeko aretoan.
-Kanpaina.

Abenduak 12, astelehena
18:30 Solasaldia Santueneko frontoi ondoko lokalean, Aldapeta 2. solairuan.

Abenduak 13, asteartea
Aurretiaz bozkatzeko aukera, 9:00-14:00 artean udaletxeko idazkaritzan eta 16:00-20:00 artean Santuenea Kultur Elkartean.

Abenduak 17, larunbata
10:00-20:00 Auzo galdeketa:
Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira?
Bai/Ez/Zuri

Antolatzailea: Santuenea Elkarlanean. 


SANTUENEKO GABONEI LOTUTAKO DEIALDIAK
Abenduak 17, larunbata
Gabonetako azoka txikia eta bazar solidarioa

Goiz eta arratsaldez, azoka jubilatuen lokala eta auzo elkarteko lokalaren aurrealdeko kalean zehar.
Zehaztasunak: "Postu horietan auzoko nahiz herriko artisauek egindako eskulanak salgai egongo dira. Auzoko dendariek ere aukera dute produktuek kalera ateratzeko. Horretaz gain bigarren eskuko bazar solidarioa jarriko dugu, liburuak, arropa, bitxikeriak, jostailuak... denetarik egongo da. Gainera, gaztainak, parrilla... egongo dira".

11:30 Haurrentzako jolasak/tailerrak eskubaloi plazan.
16:30 Xake partidak.
18:30 Zuhaitzaren argiztapena eta Olentzerori eskutitza. Dj GorkaMendik gabon kantak jarriko ditu. 

Abenduak 21, asteazkena
18:30
 San Tomas Eguneko txistorra-banaketa, Santuenea 12 atarian, Dj GorkaMendiren musikarekin.
Antolatzailea: Santuenea Elkartea.

Abenduak 24, larunbata
Olentzerorekin kantuan.

Antolatzailea: Santuenea Elkartea.