Galdeketa

Bozkak pilatzen hasiak, Santueneko galdeketako hautetsontzian

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 13a, 18:33

Abenduaren 17an bozkatu ezin dutenek astearte honetan Santueneko auzo galdeketan parte hartzeko aukera dute. 

Begiratu albiste honi atxikitako argazkiei. Azkenak astearte arratsalde honetan 18:00ak aldera jaso ditugu Santuenea Elkartearen egoitzan. Bistan denez, bozkak pilatzen doaz. Auzoan antolatu duten galdeketako hautetsontzia duzue argazkiotan.

Ireki da bozkatzeko epea. Santuenearrek gaurtik dute eskubaloi kantxaren etorkizunaz hitza hartzeko aukera. Larunbaterako deitua dute auzo galdeketa, abenduaren 17rako hain zuzen, baina gaur, hilak 13, dute aurretiaz botoa ematen hasteko aukera. Goizeko 9:00etan zabaldu dute udaletxean botoa emateko gunea idazkaritzan. Arratsaldeko 16:00ak geroztik 20:00ak arte "Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?" galderari erantzuteko aukera dute Santuenea elkartearen egoitzan, auzoan bertan erroldatuak dauden 16 urtetik gorako bizilagunek. Guztira, 359 herrikide daude deituak galdeketan parte hartzera.

Gaur ezin dutenek, abenduaren 17an egon osoz, auzo elkartearen egoitzara joanda bozkatu ahalko dute goizeko 10:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte. Auzo galdeketa egun girotua izango da, gabon giroko hainbat ekintza iragarri dituzte eta goizetik iluntzera.

Auzoa diseinatzeko prozesutik
Urtebetez auzoan jorratu duten parte hartze prozesutik jaio da galdeketa hau. Auzotarrak eta Udala bidelagun izan dituen eta Hiritik At kooperatibak dinamizatu duen lanketan, etorkizuneko Santuenea diseinatzen aritu dira. Hainbat eskuhartze proposatu eta ekintzok Auzo Planean jaso dituzte. Egitasmook gauzatzeak ordea eskubaloi kantxari eragiten zioten eta parte hartzaileen artean zeuden ikuspegi desberdinak tarteko, proposatu zuten auzoak erabakitzea, ia Santuenea erdigunea berrantolatzea nahi zuten, horretarako eskubaloi plaza neurriz txikiagotu behar bazen ere. Aipatu moduan, gaurtik auzoko bizilagunek hitza hartzeko aukera dute.

Emaitza loteslea izango da, hau da, Udalak santuenearren gehiengoak erabakitakoa errespetatuko duela ziurtatu du.

SANTUENEKO GALDEKETARI LOTUTAKO DEIALDIAK
Abenduaren 15era arte
-Galdeketari buruzko erakusketa Santuenea 11, Zahar Etxea, atzeko aretoan.
-Kanpaina.

Abenduak 13, asteartea
Aurretiaz bozkatzeko aukera, 9:00-14:00 artean udaletxeko idazkaritzan eta 16:00-20:00 artean Santuenea Kultur Elkartean.

Abenduak 17, larunbata
10:00-20:00 Auzo galdeketa:
Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira?
Bai/Ez/Zuri

Antolatzailea: Santuenea Elkarlanean. 

SANTUENEKO GABONEI LOTUTAKO DEIALDIAK
Abenduak 17, larunbata
Gabonetako azoka txikia eta bazar solidarioa

Goiz eta arratsaldez, azoka jubilatuen lokala eta auzo elkarteko lokalaren aurrealdeko kalean zehar.
Zehaztasunak: "Postu horietan auzoko nahiz herriko artisauek egindako eskulanak salgai egongo dira. Auzoko dendariek ere aukera dute produktuek kalera ateratzeko. Horretaz gain bigarren eskuko bazar solidarioa jarriko dugu, liburuak, arropa, bitxikeriak, jostailuak... denetarik egongo da. Gainera, gaztainak, parrilla... egongo dira".

11:30 Haurrentzako jolasak/tailerrak eskubaloi plazan.
16:30 Xake partidak.
18:30 Zuhaitzaren argiztapena eta Olentzerori eskutitza. Dj GorkaMendik gabon kantak jarriko ditu. 

Abenduak 21, asteazkena
18:30
 San Tomas Eguneko txistorra-banaketa, Santuenea 12 atarian, Dj GorkaMendiren musikarekin.
Antolatzailea: Santuenea Elkartea.

Abenduak 24, larunbata
Olentzerorekin kantuan.

Antolatzailea: Santuenea Elkartea.