Galdeketa

Santuenearen etorkizunaz galdeketa larunbatean, gabon giroko ospakizunen artean

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 16a, 07:33

Goizeko 10:00etan zabalduko dute galdeketan bozkatzeko gunea, auzo elkartearen egoitzan. Egunean zehar galdeketan parte hartzeaz gain, Santuenean antolatu dituzten gabon giroko hitzorduez gozatu ahalko da.

"Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?". Hortxe abenduaren 17rako antolatu duten auzo galdeketan auzoko bizilagunek erabaki ahalko dutena. Kantxa dagoen bezala utzi edo neurriz txikiagotu azken urte eta erdiko parte hartze prozesuan osatu duten Auzo Planeko eskuhartzeei bide emateko, auzoa berrantolatzeko. 

Auzo elkartearen egoitzara joanda bozkatu ahalko dute goizeko 10:00etan hasi eta iluntzeko 20:00ak arte. Auzo galdeketa egun girotua izango da, gabon giroko hainbat ekintza iragarri dituzte eta goizetik iluntzera.

Auzoa diseinatzeko prozesutik
Urtebetez auzoan jorratu duten parte hartze prozesutik jaio da galdeketa hau. Auzotarrak eta Udala bidelagun izan dituen eta Hiritik At kooperatibak dinamizatu duen lanketan, etorkizuneko Santuenea diseinatzen aritu dira. Hainbat eskuhartze proposatu eta ekintzok Auzo Planean jaso dituzte. Egitasmook gauzatzeak ordea eskubaloi kantxari eragiten zioten eta parte hartzaileen artean zeuden ikuspegi desberdinak tarteko, proposatu zuten auzoak erabakitzea, ia Santuenea erdigunea berrantolatzea nahi zuten, horretarako eskubaloi plaza neurriz txikiagotu behar bazen ere. Aipatu moduan, gaurtik auzoko bizilagunek hitza hartzeko aukera dute.

Emaitza loteslea izango da, hau da, Udalak santuenearren gehiengoak erabakitakoa errespetatuko duela ziurtatu du.

Galdeketari buruzko xehetasunak
Galdera:
Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak
txikitu behar badira?
Bai/Ez/Zuri

Bozketa eguna:
2022ko abenduak 17, larunbata.

Bozketa ordua:
10:00-20:00.

Bozketa lekua:
Santueneako Kultur Elkartea (mahai bat).

Bozka eskubidea:
Santuenea auzoan erroldatuak dauden 16 urtetik gorako herrikideek. 359 bizilagun daude deituak galdeketan parte hartzera.

Bozketa eguna:
Abenduak 17, larunbata:
9:30 Mahaiaren eraketa mahaiburu, mahaikide eta ordezkoekin. Mahaia mahaiburuak eta bi mahaikidek osatuko dute. Mahaiburua udal idazkaria izango da eta lehen mahaikidea udal langile bat. Bigarrena eta haren ordezkoa herritar bolondresen artean zozketa bidez udalbatzak azaroa amaieran erabakitakoak. 
10:00-20:00 Bozketarako tartea. Mahai eta kabina bana egongo da gutun-azal eta boto-orri ofizialekin. Bigarren mahaia bozketarako izango da. Bozkatzeko nork bere burua identifikatu beharko du agiriotako batekin: nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimena. Agiri horiek iraungita egon arren onartu egingo dira, baina jatorrizkoak izan beharko dute. Fotokopiarik ez da onartuko.
20:00 Bozkatzeko aukeraren amaiera. Aurretiaz bozka eman dutenen gutun azalak boto-kutxan sartu eta hala badagokio, mahaikideek bozkatu ostean, bozketa amaitutzat emango dute eta boto zenbaketari ekingo diote. Zenbaketa jendaurreko ekitaldian egingo da. Amaieran emaitza ezagutzera emango da.

Emaitza:
Bozketa egunean bertan plazaratuko da. Udalak kontsultaren emaitza errespetatzeko konpromezua hartzen du, dagozkion erabakiak hartuta.



SANTUENEKO GABONEI LOTUTAKO DEIALDIAK
Abenduak 17, larunbata
Gabonetako azoka txikia eta bazar solidarioa

Goiz eta arratsaldez, azoka jubilatuen lokala eta auzo elkarteko lokalaren aurrealdeko kalean zehar.
Zehaztasunak: "Postu horietan auzoko nahiz herriko artisauek egindako eskulanak salgai egongo dira. Auzoko dendariek ere aukera dute produktuek kalera ateratzeko. Horretaz gain bigarren eskuko bazar solidarioa jarriko dugu, liburuak, arropa, bitxikeriak, jostailuak... denetarik egongo da. Gainera, gaztainak, parrilla... egongo dira".

11:30 Haurrentzako jolasak/tailerrak eskubaloi plazan.
16:30 Xake partidak.
18:30 Zuhaitzaren argiztapena eta Olentzerori eskutitza. Dj GorkaMendik gabon kantak jarriko ditu. 

Abenduak 21, asteazkena
18:30
 San Tomas Eguneko txistorra-banaketa, Santuenea 12 atarian, Dj GorkaMendiren musikarekin.
Antolatzailea: Santuenea Elkartea.

Abenduak 24, larunbata
Olentzerorekin kantuan.

Antolatzailea: Santuenea Elkartea.