Galdeketa

"Galdeketa baino ariketa demokratikoagorik ez dago"

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 17a, 10:03

Loteslea izango den gaurko Santueneko galdeketaren ostean, duela urtebetetik auzoan abian den prozesuak zer nolako norabidea har dezakeen hainbat zehaztasun eskaini zituzten aste hasieran antolatu zuten solasaldian.

Auzoaren etorkizunaz erabakitzeko 16 urtetik gorako Santueneko 359 bizilagun deituak daude larunbat honetako galdeketan parte hartzera. Dagoeneko hainbat lagunek aurretiaz bozkatu zuten asteartean. "Ilusioz parte hartzeko deia" egin zuen Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak aste hasieran Santuenean bertan antolatu zuten solasaldian. Ariketa oso interesgarritzat jo zuen gaurko auzoan deitua dagoena, errepikatzeko modukoa beste auzo eta arloetan. Gehiengoak erabakitakoaren hitza errespetatuko duela ziurtatu zuen alkateak. Loteslea izango da emaitza. "Galdeketa baino ariketa demokratikoagorik ez dago", defendatu zuen.

Gogoan izan, galdera honi erantzun ahalko diote Santueneko bizilagunek: "Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?". Erantzuna baiezkoa balitz, nola eta zer berrantolatu erabakitzeko bizpahiru saio egingo direla iragarri zuten aipatu solasaldian. Ezezkoa balitz, plaza dagoen bezala uztea erabakitzen badu gehiengoak, azken urte eta erdian auzoan diseinatu duten etorkizunerako eskuhartzeen plangintza egokitu beharko litzatekeela adierazi zuen. "Eskuhartzeak askoz mugatuagoak izango dira".

2023an lehen urratsak
Aipatu moduan, iaztik Santueneko bizilagunekin batera etorkizuneko auzoa diseinatzeko osatu duten planaz ari zen. Horren bueltan sortu baita, galdeketa hau egiteko proposamena. Hainbat eskuhartze egitea adostu zuten, baina horietako hainbatek eskubaloi kantxari eragiten zioten eta hortxe sortu zen desadostasuna; batzuk plaza dagoen bezala uztearen alde agertu ziren, beste batzuk eskuhartzeoi bide emateko plaza egokitzeko prest agertu ziren. Desadostasunok tarteko, auzoari hitza ematea bururatu zitzaien. Galdera zehazteko, nahiz galdeketa antolatzeko hainbat lan saio egin ostean, Udalari proposamena helarazi, udalbatzak aho batez onartu zuen galdera eta gaurko hitzordua antolatzeko administrazio prozedura. "Baloratu eta eskertu talde eragileak egindako lana", goraipatu zuen alkateak aste hasierako solasaldian, azken urte eta erdiko prozesua dinamizatu duen Hiritik At kooperatibaren ordezkariak eginiko galderei erantzunez.

Santueneako etorkizuna diseinatzeko iaztik hona egindako lana "ez da kaxoi batean sartuko" nabarmendu zuen alkateak, aurrera begirako bide-orri gisa definitu zuen orain arte bertan bideratu duten prozesuan landutakoa. 2023an lehen urratsak ematen hastekoak dira. Auzo Planean jasotako eskuhartze guztiak aldi berean eta epe motzean ezingo direla gauzatu kontuan izanik, urteka eta faseka garatuko duten proiektua landu nahi dute urte berrrian, "ahal bada udarako" prest izatea nahi lukete. Mahai bat ere osatu asmo dute, prozesu honetan eragiten aritu den auzotar taldearen eta Udalaren artean. Bilgune honek "lehentasunak finkatuko ditu planaren exekuzioari begira". 

Epe luzerako plangintzari buruz ari dira, baina laster hasieraz onartzekoak diren urte berriko udal aurrekontuetan 50.000 euroko partida bat gorde du udal gobernu taldeak, 2023an "hobekuntzak egiten hasteko".

Gaurko galdetegiak are gehiago zehaztuko du, etorkizuneko Santuenea diseinatzeko lanketa prozesuaren norabidea.