Galdeketa

Bozketa egunari ekin diote Santuenean

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 17a, 10:38

Goizeko 10:00etan zabaldu dute Santuenea Kultur Elkartean kokatu duten bozkatzeko gunea. 20:00ak arte parte hartu ahalko dute galdeketan iritzia ematera deituak dauden bizilagunek.

Heldu da hitza hartzeko unea. Auzoaren etorkizunaz erabakitzeko eguna dute gaur Santuenean. Auzoa berrantolatzeari bide eman nahi dioten eta bide emateko eskubaloi kantxa neurriz txikiagotu nahi duten edo ez, horri buruz iritzia eman ahalko dute, goizeko 10:00etan zabaldu duten gunean. Santuenea Kultur Elkartearen egoitza hautesleku bilakatu baitute gaurkoan. 10:00etarako prest zuten guztia; bozka paperak, gutunazalak... Eta mahaia bera; Usurbilgo Udaleko idazkaritza saileko bi langileek eta zozketa bidez erabakitako auzokide bolondresak osatu dute.

Bozkatzeko gunea ireki eta berehala hasi dira lehen auzokideak, tantaka bada ere bozkatzera joaten hasiak dira. Gogoan izan, Santuenean erroldatuak dauden 16 urtetik gorako 359 bizilagun daude deituak parte hartzera. Egunean zer nolako mugimendua izango den jakiteko hurrengo hitzordua, arratsaldeko 13:00ean. Ordu horren bueltan emango dute ezagutzera, galdeketa egun honetako lehen parte hartze datua. 20:00etan itxiko dute bozkatzeko epea. Bozka zenbaketa egin ostean ezagutaraziko dute santuenearrek erabakitakoa.

Galdeketa egun hau, gabon garaiko ospakizunek girotuko dute egunean zehar; azoka, musika, Olentzerorentzako gutun bilketa... eta ekintza gehiago iragarri dituzte Santuenean.

Galdeketari buruzko xehetasunak
Galdera:
Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak
txikitu behar badira?
Bai/Ez/Zuri

Bozketa eguna:
2022ko abenduak 17, larunbata.

Bozketa ordua:
10:00-20:00.

Bozketa lekua:
Santueneako Kultur Elkartea (mahai bat).

Bozka eskubidea:
Santuenea auzoan erroldatuak dauden 16 urtetik gorako herrikideek. 359 bizilagun daude deituak galdeketan parte hartzera.

Bozketa eguna:
Abenduak 17, larunbata:
9:30 Mahaiaren eraketa mahaiburu, mahaikide eta ordezkoekin. Mahaia mahaiburuak eta bi mahaikidek osatuko dute. Mahaiburua udal idazkaria izango da eta lehen mahaikidea udal langile bat. Bigarrena eta haren ordezkoa herritar bolondresen artean zozketa bidez udalbatzak azaroa amaieran erabakitakoak. 
10:00-20:00 Bozketarako tartea. Mahai eta kabina bana egongo da gutun-azal eta boto-orri ofizialekin. Bigarren mahaia bozketarako izango da. Bozkatzeko nork bere burua identifikatu beharko du agiriotako batekin: nortasun agiria, pasaportea edo gidabaimena. Agiri horiek iraungita egon arren onartu egingo dira, baina jatorrizkoak izan beharko dute. Fotokopiarik ez da onartuko.
20:00 Bozkatzeko aukeraren amaiera. Aurretiaz bozka eman dutenen gutun azalak boto-kutxan sartu eta hala badagokio, mahaikideek bozkatu ostean, bozketa amaitutzat emango dute eta boto zenbaketari ekingo diote. Zenbaketa jendaurreko ekitaldian egingo da. Amaieran emaitza ezagutzera emango da.

Emaitza:
Bozketa egunean bertan plazaratuko da. Udalak kontsultaren emaitza errespetatzeko konpromezua hartzen du, dagozkion erabakiak hartuta.



SANTUENEKO GABONEI LOTUTAKO DEIALDIAK
Abenduak 17, larunbata
Gabonetako azoka txikia eta bazar solidarioa

Goiz eta arratsaldez, azoka jubilatuen lokala eta auzo elkarteko lokalaren aurrealdeko kalean zehar.
Zehaztasunak: "Postu horietan auzoko nahiz herriko artisauek egindako eskulanak salgai egongo dira. Auzoko dendariek ere aukera dute produktuek kalera ateratzeko. Horretaz gain bigarren eskuko bazar solidarioa jarriko dugu, liburuak, arropa, bitxikeriak, jostailuak... denetarik egongo da. Gainera, gaztainak, parrilla... egongo dira".

11:30 Haurrentzako jolasak/tailerrak eskubaloi plazan.
16:30 Xake partidak.
18:30 Zuhaitzaren argiztapena eta Olentzerori eskutitza. Dj GorkaMendik gabon kantak jarriko ditu. 

Abenduak 21, asteazkena
18:30
 San Tomas Eguneko txistorra-banaketa, Santuenea 12 atarian, Dj GorkaMendiren musikarekin.
Antolatzailea: Santuenea Elkartea.

Abenduak 24, larunbata
Olentzerorekin kantuan.

Antolatzailea: Santuenea Elkartea.