Galdeketa

%46ko parte hartzea eta ezezkoa nagusi

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 17a, 21:04

Galdeketan parte hartzera deituak zeuden auzotarren ia erdiak bozkatu du. Hitza hartu dutenen %70ak ezezkoa erantzun dio proposatu den galderari.

Hitza hartzera deituak zeuden auzokideen ia erdiak parte hartu du eta parte hartu duten gehienek, %70ak, ezezkoa eman diote proposatu den galderari. Hortxe, botoen zenbaketa amaitu berritan larunbat honetan zehar Santuenean egin duten galdeketatik nabarmendu beharreko bi datuak.

Auzoan bertan erroldatuak dauden 16 urtetik gorako 359 bizilagun zeuden deituak parte hartzera. %46ak bat egin du deialdiarekin eta auzoaren erdigunea berrantolatu nahi duten edo ez erabaki dute, bozken bidez. Auzoaren erdigunea berrantolatu edo ez, "horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere".

Aipatu moduan galdeketan parte hartzeko gonbita jasoa dutenen ia erdiak eman du bere iritzia eta bozkatu dutenen gehiengo osoak, %70ak ezetz erantzun dio proposatu den galderari. Hitza hartzeko egoitzan bilakatu den Santuenea Elkartearen lokalean jaso diren 166 bozketatik 116k eman dute ezezkoa. Gainerako %30ak, beste 49 auzokideek baiezkoa adierazi dute.

Emaitza, loteslea
Usurbilgo Udalak adierazia zuen, Santueneako bizilagunen gehiengoak adierazitako borondatea errespetatuko zutela. Bestela esanda, loteslea izango zela galdeketaren emaitza. Bozken gehiengoa auzoaren erdigunea berrantolatzearen aldekoa izan balitz, baita "horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu" behar baziren ere, plaza zenbat eta nola txikiagotu zehazteko hainbat lan saio egitekoak ziren hurrengo hilabeteetan.

Bozken gehiengoak ordea kontrakoa adierazi dutenez, eskubaloi kantxa dagoen bezala utziko dute, ez dute neurriz txikiagotuko. Horrek, aldiz, ez du esan nahi auzoan eskuhartzerik egingo ez denik. Iazko ekainetik azken urte eta erdi honetan Santuenean egin duten parte hartze prozesuan adostu dituzten eskuhartzeei bide nola eman zehaztu beharko dute hurrengo hilabeteotan, aipatu moduan, eskubaloi kantxa neurriz txikiagotu gabe.

Gogoan izan, aipatu prozesu honetan zehar etorkizuneko Santuenea diseinatuko duen Auzo Plana osatu dute, eta bertan, hainbat eskuhartze zehaztu; mugikortasunari, irisgarritasunari edota ekipamenduei lotutako hainbat proposamen. Eskuhartzeotako batzuk eskubaloi kantxari eragiten zietenez, kantxa ukitu edo ez, desadostasunak sortu ziren auzokideen artean eta une horretan proposatu zen gaurko galdeketa antolatzea. Auzoan galdera eta galdeketa zehazteko hainbat lan saio egin zituzten uda partean; Udalari proposatu zioten gero. Udalak baiezkoa eman eta urria amaierako udalbatzarrean galdera bera eta gaurko hitzordua antolatzeko administrazio prozedura osoa onartu zuten aho batez. Urte eta erdiko prozesu honetan auzokideek bidelagun izan dute Udala, eta dinamizazio lanetan Hiritik At Kooperatiba.

Epe motzera begira, Udalak hasieraz onartzear deituen aurrekontuetan 50.000 euroko partida bideratu asmo dute Santuenean hobekuntzak egiten hastera. Auzo Planaren garapena epe luzerako kontua izango da. Urteka eta faseka lehentasunak finkatuz bideratu asmo dituzte eskuhartzeak; auzokideak eta udal ordezkariak batuko dituen mahaian. Gaurko galdeketaren ostean, etorkizuneko Santuenea eraikitzeko lanketak segida izango du beraz.

SANTUENEKO GALDEKETA
Galdera: "Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?".
Bai: 49 (%30).
Ez: 116 (%70)
Baliogabea: 1.

Bozka kopurua: 166, %46.
Galdeketan parte hartzera deituak zeudenak: 16 urtetik gorako 359 auzokide.

Parte hartzeak izan duen bilakaera:
13:00 %25, 90 bozka.
14:00 %28, 102 bozka.
17:00 %38, 136 bozka.
19:00 %45, 164 bozka.
20:00 %46, 166 bozka.

Deitzailea: Santuenea Elkarlanean.