Galdeketa

"Emaitzak ikusita, beharrezkoa zen kontsulta egitea"

Noaua Aldizkaria 2022ko abe. 17a, 20:46

Baikor eta pozik agertu dira gaur Santuenean egin duten galdeketaren sustatzaileak, bozkak zenbatu eta emaitzak ezagutarazi berritan. Talde eragiletik adierazi dutenez, "oso pozik gaude. Emaitzak ikusita, beharrezkoa zen kontsulta egitea. Lanean jarraituko dugu urtarriletik aurrera".

Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrietak adierazi duenez, "ezer baino lehen, zorionak Santuenea! Benetan oso pozik gaude gaurko galdeketan izan den parte hartzearekin". Auzotarrek agerturiko jarrera nabarmendu du. "Halako galdeketak ez dira ohikoak, ez gaude ohituta halako ariketetan eta kontsultetan parte hartzera, eta beraz, uste dut auzotarrek erakutsi duten ardura, adierazi duten eta erakutsi duten konpromisoa eta atxikimendua galdeketa honi bada nabarmentzekoa".

"Erabaki hori aintzat hartuko dugu"
Galdeketan parte hartzera deituak zeuden santuenarren %46k bozkatu du. Eta haietatik %70ak ezezkoa erantzun dio proposatu den galdera honi: "Nahi al duzu auzoaren erdigunea berrantolatu, horretarako eskubaloi kantxaren neurriak txikitu behar badira ere?". Emaitza loteslea izango da Udalak aurrez iragarria zuen moduan. "Aurrez esan genuen bezala, emaitza bat izan edo bestea izan, galdeketa loteslea zela. Udalak eta udal gobernuak konpromiso osoa genuen emaitzarekiko. Beraz, auzotarrek hitz egin dute, auzotarrek erabaki dute, eta guk erabaki hori aintzat hartuko dugu", iragarri du alkateak.

Galdeketa eginda, iaztik Santuenean etorkizuneko auzoa eraikitzeko abian den parte hartze prozesuren baitan osatu duten plangintza gauzatzeko urratsak emango dituzte urte berriarekin batera. "Buru-belarri hasiko gara auzo planarekin; auzo planak bi dokumetu utzi zituen. Auzoak eguneroko bizitza hobetzeko behar zituen eskuhartzeak zeintzuk ziren zerrendatuta daude eta era berean auzo planak Santuenean hurrengo 8-10 urteotan izan behar duen eraldaketa jasotzen du eta eraldaketa horretan ere lanean jarraituko dugu. Badugu talde bat osatua Udalak eta Santueneko herritarrek. Taldetxo hori bilduko dugu urtarrilean eta ikusiko dugu hemendik aurrera zer urrats eman behar ditugun".

Orain arteko bide honetan auzotarrek erakutsitako jarrera nabarmendu du. "Alboan ditudan kideei eskerrak eman nahi dizkiet hasiera hasieratik auzo plana osatzeko egin duten lanarengatik, auzoarekin eta proiektu honekiko erakutsi duten konpromioa txalogarria da, eta gaur norbait zoriondu behar bada alboan ditudan pertsonak, talde eragilean parte hartu duten auzotarrak dira, egin duten lana izugarria izan delako eta hain zuzen ere lan horrek ahalbidetu du halako parte hartze bat izatea".

Parte hartzea goraipatu du beraz, "Santueneko herritarrek erakutsi duten ardura eta konpromisoa. Zorionak eta aupa Santuenea!".