"Bizi amaierako prozesuak, dolua eta galerak" hizpide, ostiraleko Santueneko hitzaldian

Noaua Aldizkaria 2023ko mai. 5a, 08:01

Bihotzetik Plataformako arduraduna den Javier Aramendiak hitzaldia partehartzailea eskainiko du elebidunez maiatzaren 5ean ostirala, arratsaldeko 18:30ean Santuenea Elkartean. Bizi amaierako prozesuez, doluaz eta galerez hausnartzeko aukera ederra izango da ostiralekoa. Izen-ematea 670027731 zenbakian egin beharko da parte hartu ahal izateko.

NOAUA! Bizi amaierako prozesuei buruz, doluari eta orokorrean galerari buruzko gaiak landuko dituzue. Zein izango dira gai nagusiak?
Javier Aramendia: Bateratze-saio bat izango da. Hitzaldi parte-hartzaile bat izango da, hau da, ni hasiko naiz galdetzen: zuek uste duzue zerbait dagoela hil eta gero? Galdera honetara iristeko bideo bat jarriko dut. Bideoarekin gaian sartuko gara eta galdera horretatik abiatuta elkarren uste eta bizipenak partekatuko ditugu. Beldurrak eta esperientziak azaleratzen dira. Partekatzea oso polita izaten da eta saio bakoitza oso ezberdina izaten da. Ni neu gidoirik gabe joaten naiz, eta partehartzaileen nahi eta beharren arabera bide bat edo beste hartzen du hitzaldiak.

Orokorrean esango zenuke heriotzari beldur diola gizakiak?
Bai, normalean bai. Ez dakigu inork zer gertatuko den hil eta gero. Heriotzarekiko kontzientzia gutxi dutenen pentsamendua hori da; beldurra eta sufrimendua. Bertan sufrimendua badago? Noski baietz. Hitzaldi hauek beldur horiek lantzeko egokiak dira eta kontzientzia hartzeko. Agertzen diren beldurrei helduko diegu dena delakoak direla ere: atxikimendua, landu gabeko beldurrak, traumak... Beldur guztien oinarrian atxikimendua egoten da mila gauzari: etxeari, lursail bati, bankuko kontuari, seme-alabekiko maitasunari... Horrez gain, beldur espirituala ere izaten da.

Nik neuk bihotzeko bat izan nuen 39 urterekin eta heriotzari oso lotutako esperientzia izan zen hura. Esperientzia hartaz hitz egiten dut nik, orduan bizitakoaz. Kasu hauetan, beste aldetik etorritako horretaz hitz egiten dut eta hori da espiritualitatea. Hori erlijioa bezala da, sinisten duzu edo ez. Gorputzak sufritu egiten du, baina kontzientziak ez. Azken hori jada joaten ari da, amets batean egongo bagina bezala. Beraz, zuk ez duzu sufritzen; sufritzen dutenak zure ingurukoak dira.

 

“Kontu hauek guztiak aldez aurretik landu behar dira”
NOAUA! Doluari buruz ari garenean heriotza datorkigu burura, baina galera gehiago ere izan daitezke bizitzan, denetariko harremanen amaiera esaterako. Horrelako prozesuetan ere fase berak pasatzen ditugu?
Javier Aramendia: Gauza bera da: atxikimendua kentzea. Bikotea, lagunak edo lana izan daitezke egoera horietan atxikimendua kendutakoak. Dolu txikiak dira gure amaierako galera handia prestatzeko. Batzuetan bikotea galtzea oso gogorra izaten da, baina azkenean, denok galduko dugu geure burua.

Zenbat eta atxikimendu gutxiagorekin iritsi geure amaiera horretara, askoz hobe. Hori da azken mezua eta landu egin behar da. Atxikimenduaz ari naizenean, anai-arreba batekin dudan gatazkaz ari naiz edo antzeko zerbaitetaz. Atxikimendu hori landu egin behar da hil baino lehen, modu horretara kulparik gabe joan ahal izateko.

Kontu hauek guztiak aldez aurretik landu behar dira eta agurrak behar bezala egin. Kontzientzia badugu, lan dezagun. Hori da hitzaldian egingo duguna, hain zuzen ere.

“Gizarte honetan ez dugu gure galerak lantzeko ohiturarik”

NOAUA! Batzuek dolu prozesuetan urteak ematen dituzte eta beste batzuek, berriz, denbora gutxiago behar dute. Hori zer dela eta gertatzen da?
Doluan sartu aurretik lan dezakezu hori, lehenago baldin badakizu pertsona hil egingo dela. Egoerak asko baldintzatzen du dolu prozesua; ez da gauza bera auto istripuz hiltzea edo urteetako prozesua duen minbiziz hiltzea. Adina ere faktore garrantzitsua da. Heriotzaren egoerak atxikimendua handitu edo txikitu egingo du. Dolu prozesuek ez lukete oso zailak izan behar, prozesu normal baten bidez sortutakoak badira. Doluak zailtzen dira norbaiten heriotzatik 3 urte pasatuta oraindik ez bagara gai haren logelan sartzeko. Denbora luze bat pasatu eta pertsona horren logelara ezin bagara sartu edo haren arropa botatzeko ez bagara gai egoera horrek sortzen digun minagatik, dolu prozesu zail baten aurrean gaude. Landu gabeko dolua litzateke, eta askotan, aurretiaz landu gabeko kulpa horren ondorio izaten da. Kulpa hori landu behar da eta harreman hori nolakoa zen aztertu. Modu horretan pertsona horrek lortuko du logelan sartzea edota arropa botatzea bost bat urteren ondoren. Berez ez daude horrenbeste dolu zail. Zailak direnean kulpa eta atxikimenduaren ondorio izaten dira.

Dolu prozesuak behar bezala lantzen ere ikas daiteke?
Demagun kanika bat galdu dugula txikiak garela eta norbaitek esaten digula beste bat erosiko digula. Kanika hori nik galdu dut eta horrek sortu didan mina sentitu behar dut eta hori pasa. Modu horretan, umeak ikasiko du galera batek mina dakarrela, baina hori ere pasatu egiten dela. Beste kanika bat erosten badiogu segituan, sentimendu horiek tapatzen ari gara eta irakasten ari gara sentimenduak tapatu egin behar direla. Kanikarena adibide bat baino ez da. Bikoteak uzten gaituenean alkoholari ematen badiogu ere, gauza bera egiten arituko ginateke. Beraz, horrela ohitzen bagara, zer egingo dugu gurasoetako bat hiltzen bazaigu bat-batean? Honekin esan nahi dudana da gizarte honetan ez daukagula ohiturarik gure galerak lantzeko.

Bihotzetik plataformako arduraduna zara. Nola egiten duzue lan bertan?
Gure helburua bizi amaierako prozesuak normalizatzea eta naturalizatzea da Gipuzkoan. Mediku, erizain, abokatu terapeuta, psikologoekin edota bestelako profesionalekin lan egiten dugu hitzaldiak emanez bizi amaierako prozesuei buruz. Naturalizazio hori egitean kontzientziazio lan bat egiten dugu eta ardatz zentraltzat jarri nahi dugu heriotzaren gaia pertsonen bizitzetan. Dena bukatzen da eta hori kontuan izan behar da. Nik seme-alabak egunero agurtzen ditut bihar esnatuko ez banintz bezala, hori ere gerta daitekeelako. Horrek ez du esan nahi sufrimenduan bizi naizenik, baizik eta kontzientzia daukadala eta modu horretara eztabaidak eta ezezkotasuna baztertzen dut eta bizitzaz gozatzean jartzen dut fokua.



Gakoa, profesional egokien eskuetan jartzea
NOAUA! Norbaitek gai hauek landu nahiko balitu, hitzaldiaz gain, nola jar daiteke harremanetan zuekin?
Lanketa indibidualetarako zein enpresa eta kolektiboentzat 656 748 391 telefono zenbakira deituta edo mezua bidalita edo info@bihotzetik.org helbidera mezua bidalita. Hiltzera doazen pertsonekin zein familia edo ingurukoekin egiten dugu lan, lagunduta eta babesa emanda. Nik profesionalak koordinatzen ditut. Beraz, norbaitek laguntza behar duenean egoera azaltzen dit eta nik kontaktuan jartzen dut gehien interesa dakioken profesionalarekin. Erreferentziazko zentroa izatea da helburua eta gai hauetan interesa edo laguntza behar dutenak profesional egokienen eskuetan jartzea.