Pottokak igandean Santuenean

Noaua Aldizkaria 2023ko eka. 2a, 09:33

Goiz partean pottoka gainean ibiltzeko aukera izango dute haurrek etzi Santuenean. Bide batez, gogoan izan, 

Pottokekin gozatzeko aukera izango da Santuenean ekainaren 4an, igandean. Goiz osoa zehar, goizeko hamarretan ekin eta 13:30 bitarte eskubaloi plazan ibiliko dira haurrak pottoken gainean. 2,5€ ordaindu beharko dute parte hartu nahi dutenek. Sagardoa eta pintxoak ere salgai egongo dira.

Iaz ere ekimen hau antolatu zuten Santuenea Kultur Elkartekoek eta haren arrakasta ikusita errepikatzea erabaki dute. Iaz ilara luzeak sortu ziren pottoken gainean jarri ahal izateko, eta hori ekidite aldera, parte hartzaileei zenbaki bana emango diete eta bozgorailuaren bidez deituko diete ibilbidearen hasierara joan daitezen. Pottoken gainean bueltatxo bat eman eta jolasak egiteko aukera ere izango da.

Jaietako Haurren Egunerako izen-ematea
LH nahiz DBH-ko ikasleentzat Usurbilgo jaietako ekimenetan izen emateko epea zabaldu du antolaketa lanetan ari diren guraso taldeak. Deialdia bereziki, herritik kanpo ikasten duten gaztetxoei zuzendua dago.

Garai bateko formatu eta ereduan bueltan datoz bi urteko osasun krisialdiaren ostean, Usurbilgo jaiak, adin tarte eta zaletasun anitzei erantzungo dieten hamaika hitzordurekin. Etxeko txikienei begira, ekainaren 30erako ekimen sorta prestatzen ari da urtero legez, herriko guraso talde bat. Momentuz, aurreratu dutenez, goiz parterako LH eta DBH-koei zuzenduriko jolasez beteriko goiza antolatzen ari dira; aurreko edizioetan egin izan zuten moduan, LH 1-4koek ginkanan parte hartzeko aukera izango dute. Helduagoek, LH 5ean hasi eta DBH2ra arte ikasten ari direnek "erronkan".

Herrian ikasten dutenek ikastetxetik bideratu ahalko dute izen ematea, baina Usurbilen badira hainbat gaztetxo herritik kanpo ikasten dutenak. Haiei zuzendua dago bereziki, guraso talde honek NOAUA! bidez zabaldu nahi duen ohar hau. Adinaren arabera, ginkanan edo erronkan izena eman nahi dutenek ekainaren 16ra arteko epea dute, helbide honetan inskripzioa bideratzeko: santixabelak.umeen.eguna@gmail.com

Ekainaren 30ean, goizeko 9:45ean ekingo zaie ekimen hauei.