"Interes publikokotzat" jo du Foru Aldundiak, Orbeldiko ur bizien kanalaren egitasmoa

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 1a, 13:02

"Usurbilgo «Orbeldi auzoan ur bizien kanal bat ezartzeko lurzoru urbanizaezinaren plan bereziak» ahalbidetzen duen jarduketa interes publikokotzat jotzeko eskaera" argitaratu du Gipuzkoako Foru Aldundiko mugikortasuneko, turismoko eta lurralde antolaketako departamentuak ostiral honetako, irailaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean

Erabaki horren aurrean, "interes publikokotzat jotzeak ez du administrazio bidea amaitzen, ezta administrazio bidean aurrera egitea eragozten ere. Ondorioz, ez dago interes publikoaren deklarazioaren aurkako errekurtsorik aurkezterik".

Iragan abuztuaren 24an Lurralde Antolaketako zuzendari nagusiaren ebazpena da gaur plazaratu dutena. "«Usurbilgo Udalak Orbeldi auzoan ur bizien kanal bat ezartzeko lurzoru urbanizaezinaren Plan Berezia Mugikortasuneko eta Lurralde Antolaketako Departamentuan aurkeztu du, 2/2006 Legeak –ekainaren 30ekoak, Lurzoruari eta Hirigintzari buruzkoak– 28.5.a) artikuluan aurreikusten duenaren arabera interes publikokotzat jo dadin. Plana Orbeldi Ur Bizi Kanala Elkarteak sustatu du, eta gaur egun izapidetzen ari da".

Ibaiaren kirol-erabilerarako
GAO-ko argitalpenak azaldu duenez, "espedientearen xedea da kirol-ekipamendu bat –Ur Bizien Kanala– ezartzeko hirigintza parametroak zehaztea, eta, halaber, Oria ibaiko Orbeldiko presaren inguruko ingurumena hobetzea (ur eta arrantza egoera hobetzea)".   

Proposamenaren xedea da 1,74 hektareako eremu hau "ekipamendu komunitario gisa kalifikatzea, ibaiaren kirol-erabilerarako", horretarako, "egokitze horren barnean sartzen delarik garatu beharreko jarduerari lotutako zerbitzu-eraikin bat eraikitzea (ontzien biltegia, aldagelak, komunak, harrera etab.)".

Eraikin horren zenbait ezaugarri zehazten ditu gaurko GAO-ren argitalpenak. "Proposatzen den eraikinak zentral zaharraren eraikigarritasunaren antzekoa izango du –731 m²(t)–, eta profil hau zehazten da eraikin berrirako: bi soto, beheko solairua, eta goiko solairua, beheko solairuaren sestraren gainetik gehienez ere 7,00 metroko altuerakoa. Era berean, ibilguarekiko 5,00 metroko zortasuna errespetatzen da, eta zentral zaharraren hondarrek hartzen zuten eremua baino atzerago kokatzen da eraikin berriaren lerrokadura".

Horrez gain, "Plan Bereziak eremu bat gordetzen du ibilgailuen eta bizikleten aparkaleku izateko; baita, jarduketa-eremuaren zati batean, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide bat egiteko ere, hain zuzen ere Zubieta eta Santuenea auzoa lotzen dituen Learritza bidearen ertzerako proposatuta dagoen biderako. Horrez gain, aurreikusten du bide hori egiteko behar diren lursailak lagatzea eremuaren gainerako azaleran, bidea Gipuzkoako Bizikleta Bideen Lurralde Plan Sektorialean jasota baitago".

Alegazioak
Ekaina amaieran ebazpen horren aurretik jendaurrean egon zen epearen  baitan Eguzkizaleak eta Anerreka elkarteek bi alegazio aurkeztu zituzten. Honatx Foru Aldundiaren azalpenak. "Idazki horietan, aurrera eramandako prozedurari buruzko eskaera batzuk zeuden, zeinak ebatziak izan baitziren zuzendaritza nagusi honen hurrenez hurren uztailaren 27ko eta abuztuaren 14ko ebazpenen bidez. Geroago, joan den uztailaren 28an, beste idazki bat jaso zen, Oscar Padura Unanue jaunak Eguzkizaleak elkartearen eta Anerreka Ingurumen Elkartearen izenean eta elkarte horien ordezkari gisa sinatua. Idazki horretan, aurreko idazkietako baten eduki osoa jasotzeaz gain, proiektuaren interes publikoa zalantzan jartzen zen, zenbait gai oinarri hartuta, hala nola ibai-ekosistemak berreskuratzea, arrain espezieen kudeaketa, Usurbilgo udalerriko Oria Ibaiaren Paisaiarako Ekintza Plana eta, azkenik, inguru horretako mugikortasuna".                

Argudio hauek Foru Aldundiarentzat, "ez dute, inola ere, zuzenean zalantzan jartzen ea izapidetzen ari den Plan Bereziak ahalbidetzen duen instalazioan interes publikoaren baldintza betetzen den; interes publiko hori, ebazpen honetan aurrerago azalduko den bezala, aitortuta dago kirol-arloan aplikatu beharreko autonomia-erkidegoko legedi berrienean".

Informazio gehiago, irailaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.