"Biodibertsitatea berriz ere galtzaile, oraingoan Orbeldin"

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 4a, 11:41

Interes publikokotzat jo du egunotan Gipuzkoako Foru Aldundiak Orbeldin eraiki nahi duten ur bizien kanalaren egitasmoa. Ebazpen honen aurrean, Eguzki, Naturkon eta Anerreka eragileek idatzia helarazi dute NOAUA!ra.

"Usurbilgo «Orbeldi auzoan ur bizien kanal bat ezartzeko lurzoru urbanizaezinaren plan bereziak» ahalbidetzen duen jarduketa interes publikokotzat jotzeko eskaera" argitaratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak irailaren 1eko Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.. GAO-ko argitalpenak azaldu duenez, "espedientearen xedea da kirol-ekipamendu bat –Ur Bizien Kanala– ezartzeko hirigintza parametroak zehaztea, eta, halaber, Oria ibaiko Orbeldiko presaren inguruko ingurumena hobetzea (ur eta arrantza egoera hobetzea)".  

Eguzkizaleak eta Anerreka elkarteek aurkezturiko alegazioak baztertu zituzten, Naturkon-ekin batera NOAUA!ra igorri duten ondoko idatzian azaldu dutenez. "Biodibertsitatea berriz ere galtzaile" izango dela nabarmendu dute eragileok:


Biodibertsitatea berriz ere galtzaile, oraingoan Orbeldin
Foru Aldundiak Anerreka, Eguzki eta Naturkonen alegazioak baztertu eta “interes publikokotzat” jo du Orbeldiko zentral hidroelektriko zaharrean ur bizien kanala eraikitzea ahalbidetzen duen Plan Berezia.

Honek esan nahi du, besteak beste, Orbeldiko presa mantenduko dela, nahiz eta presa hori botatzea Oria biziberritzeko gakoetako bat den, itsasotik sartuta arrainek (izokinek, aingirek eta abarrek) aurkitzen duten lehen oztopo handia delako. Aldundiak berak botatzea aurreikusi du Gipuzkoako Oztopoak Iragazkortzeko Plan Gidarian. Are gehiago, Planean bertan dio hori dela aurreikusitako ekintza nabarmenetako bat. Esan beharrrik ez dago Aldundiak orain Orbeldiri buruz hartu duen erabakiak guztiz jota utzi duela Plan Gidariaren sinesgarritasuna.

Nolanahi ere, Aldundia ez da Orbeldin gauza bat esan eta guztiz kontrakoa egiten duen bakarra. Horra hor Udala. Usurbilgo Oria Ibaiaren Paisaiarako Ekintza Planean argi eta garbi irakur daiteke Orbeldiko ingurua leheneratu egin behar dela, eta, horretarako, espresuki seinalatzen da presa eraitsi egin behar dela, arrainentzat eta Oriako uraren fluxu naturalarentzat oztopo delako. Hala ere, Usurbilgo Udalak behin-behineko onespena eman dio ur bizien kanalaren Plan Bereziari.

Eusko Jaurlaritza ere kanalaren alde dago, jakina. Izan ere, Bingen Zupiria bera izan zen 2021ean publikoki proiektu honen berri eman zuena. Gainera, laster angula-arrantza “profesionalizatzeko” dekretua argitaratuko du. Europar Batasunaren debekuari iskin egiteko? Ez, noski, “angularen hobebeharrez”. Eta angula-arrantza baimentzen jarraitzen duen bitartean, “espeziea babesteko neurri berriak” iragarriko ditu. Tamalez, horien artean ez da egongo itsasotik sartuta arrainek aurkitzen duten lehen oztopo nagusia eraistea, Jaurlaritzak ere ur bizien kanala hobesten duelako.

Ez dago herri-erakundeen arteko kontsentsua baino hoberik…

Badakigu Orbeldiko ur bizien kanala ez dela Lemoizko zentral nuklearra, ezta errauskailua ere. Baina garbi dago biodibertsitatea sakrifikatzen dela edozein interesaren aurrean. Edozein. Eta inork eragozten ez badu, horixe gertatuko da Usurbilen ere.

 

Anerreka Ingurumen Elkartea

Eguzki

Naturkon (Gipuzkoako talde naturzale eta ekologisten koordinadora)