Santueneko jaiak

The Hastelen's: "Beste belaunaldi batekoei ere festetara gerturatzeko gogoa piztu nahi genieke"

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 14a, 09:36

Alex de Miguelek, Iñaki Zugastik, Joxean Anduagak, Adolfo eta Alex Romerok, Gaizka Lasak eta Ainhoa Pikabeak osaturiko taldeak kontzertua eskainiko du Santueneko jaietan, irailaren 15ean. 

Santueneko jaien atarian, zer moduz dago taldea?
Taldean kide aldaketa bat izan dugu, baxujole berria dugu; Jon Azpiazu zen lehen eta Alex de Miguel orain. Bestalde, estreinakoz maiatzean lau kontzertuko biratxoa egin genuen Artzabalen, Ibarran, Villabonan eta Lezon. Artzabalgo kontzertuaren ostean jaso genuen Santueneko jaietan emanaldia eskaintzeko gonbita.

Denbora honetan astelehenero biltzen segi duzue hutsik egin gabe?
Hori da aldatu ezin den ohitura. Astelehenetan izan behar du, garagardo bat hartzeko elkarrekin. 

Ohitura horrek taldearen jatorrira garamatza.
Musika eskolak proposatu zuen halako talde bat osatzea bere 25. urtemugan, 2010ean. Hala hasi ginen. Gero, astelehenetan biltzeko ohituraren harira, grazia horretatik etorri zen The Hastelen´s hau jartzea, asteari indarrez ekiteko. Astelehenari beste aurpegi batekin begiratzen diogu. 

Zumarteko eraikuntza berrituak astelehenetako bilkurak goxatuko zituen. 
Garai batean, sotoan entseatzen genuen, umedade handia izaten zen. Eraikin hau obretan zegoen artean Santueneko frontoi ondoko lokalean, hau obretan zegoen artean eta gero eraikin berrira etorri ginen. Guretzako luxua da gela bat izatea entseatzeko, dena muntatua dago, egokitua. Beti gaude eskertuak Zumarteri, elkartzeko eta jarraitzeko eman digun erraztasunagatik. 

Zumarterenari estuki lotua dago hain zuzen, zuen ibilbidea. 
Zumarterekin hazi gara gu. Instrumentuak aspaldi jo gabeko edo instrumentu berriren bat probatu duen jendea ginen. Zumarterekin hazi gara eta The Hastelen´s-ekin musikari eta talde bezala.

Sortzen, abestiak berreskuratzen... Zertan zabiltzate azken aldian? 
Kanta batzuk egokitzen aritu gara, gustuko ditugunak, gure talderako egokiak direnak. Unearen arabera, estiloz aldatu dezakegu, folk aldera jo. Rock unean bagaude orain, ditugun instrumentuekin beste ikuspuntu bat ematen rock abesti bati adibidez. 

Taberna atariak, auzoetako jaiak... Publikoarekin gertuko hartuemana izan duzue. Zer jaso duzue haiengandik? 
Kontzertu handietakoak baino afalaurreko giro horretan eta plaza txikietan aritzen den taldea gara. Ez gara profesionalak. Astelehenetan elkartu, kontzertu txiki batzuk emanez jendearekin ondo pasa eta haiek ere gurekin ondo pasatzea nahi izaten dugu.  

Nola irudikatzen duzue Santueneko emanaldia?
Jendea parrandan gustura ibili dadila. Beste belaunaldi batekoei ere festetara gerturatzeko gogoa piztu nahi genieke. Betiko abestiak joko ditugu. Santueneara azaldu!

Kide aldaketa izan duzue. Jon Azpiazu aritu da baxujole gisa taldea sortu zenetik. Zer esan nahi zeniokete?
Jon guretzako ez da baxujolea, taldearen oinarria da. Gure taldekidea izaten segitzen du. Beti dugu presente eta berak ere asko jarraitzen gaitu. 

Talde kide berria zara Alex. Zer nolako taldea aurkitu duzu?
Iaz, garai honetan jarri ziren harremanetan nirekin. Hasieran estilo oso ezberdinarekin egin nuen topo, belaunaldi oso ezberdinarekin. Lehenengo entsegu saiora etorri eta 15-20 kanta jo eta bi ezagutzen nituen. Lehenik, kanta ezagutu behar izaten nuen gero jotzen ikasteko. Erronka izan da, baina oso-oso gustura nabil, oso urte ona izan da. 

Zer rol du musikak zuen bizitzetan?
Musikaren inguruan mugitzen da gure bizitza. Honek beti musikara ekartzen gaitu. Talde honek musikan parte hartzaileak izatea eragiten du.  

Gerora Zumarten sortutako taldeen artean aitzindariak zarete ezta? 
Bai gu eta Ganbarakada. Talde piloa sortu da gerora. Gazte piloa dago, jaietako Bertsio Gauean ere ikusi zen moduan, publikoaren babesarekin gainera. Astelehenak existitzen segi arte jarraituko dugu.