Santueneko jaiak

Blai eta bapo ekin diete auzoko festei

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 15a, 23:51

Santuenea jai giro betean da ostiral bazkalostetik. Lerroburuan aurreratu moduan, goitik behera bustita eta bapo jan eta edanda ekin diete festei.

Blai eta bapo, bai. Goitik behera bustita ziren hainbat lagun, txupinazoa bera jaurti aurretik. Izan ere, gaztetxoenentzako ur jolasak antolatu dituzte Ibai-Ondo elkarte atarian; besteak beste, arrantzan edota kalean behera jarritako urez betetako plastikoen gainean txirristaren moduan irrist egiteko aukera izan dute.

Txupinazoaren ostean jarraitu du ur festak; oso errotua dagoen ohitura berreskuratu dute jaiotan. Festak abiarazi dituen suziria piztu aurretik, prest zuten "gudalekua" plazan. Belaunaldi guztietako kideak ere haien lekuan ziren, Jai Batzordeak jaurtitako hirugarren suziriaren hotsa entzun bezain laster, urez betetako globo gerra hasteko. Ohi bezala, urak jubilatuen elkarteko taberna ataria, parkea eta bertan zen lagun bat baino gehiago zipriztindu ditu ezustean. Zer esanik ez, eskubaloi kantxan zirenak. Urak gozarazi ditu denak.

Txokolatea askaltzeko, afaritarako patata tortilla
Globo jaurtiketan xahututako energia, segituan berreskuratu dute txokolate jan gozoarekin. Jubilatuen elkarte tabernaren atarian zerbitzatu dute. Ilara luze askoa osatu da bertan. Festak gazteen eskutik segi du gero, aingeruz eta deabruz girotu duten poteo mozorrotuarekin. Denetariko abesti ezagunak entzungai jarri dituen karro-kalejira izan dute bidelagun afal ordura arte.

Eta afaritarako menua ere prest zuten; patata tortilla. Jaki honen bueltako txapelketa antolatu dute. Afalaurretik erabaki du epaimahaiak zein zen patata tortilla onena. Lucia Balserak sukaldaturikoa izan da. Bi lagunentzako otordua irabazi du Aialde Berri sagardotegian. Jaki hau sukaldatzen parte hartu duten guztientzat aitzakia izan da ekimen hau, ondoko irudiotan ikus dezakezuen moduan, elkarrekin frontoian festa giro ederrean afaltzeko.