Santueneko jaiak

Eskuz sortzen igaro dute gaztetxoek, txarangak eta buruhandiek giroturiko goiza

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 16a, 14:31

Haurren Egunari lotutako ekimenekin esnatu da Santueneko jaietako bigarren eguna.

Gaztetxoak izan ditugu protagonista nagusiak, Santueneko jaietako bigarren egun honetako lehen orduetan. Tailerrak antolatu dizkiete Jai Batzordekoek. Eskuz sortzen jardun dute frontoian. Makrameari lotutako txokoa egokitu du Inma Arroyo artisau eta auzokideak; marrazten aritu dira, aurpegia margotzen... 

Auzoko nahiz herriko hainbat gaztetxo eta guraso gerturatu dira haizeagatik, plazan egin ordez, frontoiko babesean antolatu dituzten tailerren eremura. Han hurbiletik, ondoko plazatik abiatu du, bestalde, Que Toque El De Alau Debako txarangak Santuenean barrena egin duen kalejira. Atzoko nahiz gaurko Euskal Herriko eta munduko txoko ezberdinetako kantu ezberdinak ekarri dizkigute, jaiak girotu eta dantzatzeko. 

Haien bueltan ibili dira geroxeago irten diren buruhandi bizi-biziak ere. Ihesaldi bat baino gehiago ikusi dugu, eskubaloi kantxan nahiz jubilatuen elkarte ondoko parkearen bueltan. Tximua, deabrua, pailazoa... ez dira gelditu. Helduenekin harrapeketetan jostatu dute, txikienei eskua luzatu diete, eta futbolean ere ibili dira beste gaztetxo talde batzuekin. Ohi bezala, "arerio" baino lagun, eta festa giroa gogotik suspertu dute.