Santueneko jaiak

Zanpantzar, mariatxi eta su artifizialekin, urteotako jai jendetsuenen amaiera

Noaua Aldizkaria 2023ko ira. 17a, 21:53

Mexikar doinuekin dantzan, joaldunen erritmora eta su artifizial ikusgarriekin agurtu dituzte Santuenean, aspaldiko festa jendetsuenak.

Egunez, bereziki arratsalde eta iluntze partean, jendetsuak izan dira asteburu honetako Santueneko festak. Hasi bezala, modu berean amaitu dira igande honetan. Usurbilgo zanpantzarrak ikusi ditugu auzoan bertan duten egoitzatik abiatuta, bira ederra egin dute. Haien erritmora eta marietxien eskutik egin dituzte jaietako azken orduak. Hispanoamerica taldeak abesten eta dantzan jarri ditu plazara joandakoak, kanta ezagunen erritmora.

Auzoko festak agurtu, aldiz, zerura begira amaitu dituzte su artifizial koloretsuekin. Aspaldiko festa jendetsuenei adio esanda, 2024ko ediziorako atzera kontaketa abian da.